argia.eus
INPRIMATU
‘Socratic’, Lurbinttoz zer dakik?
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2023ko urtarrilaren 25
ANTTON OLARIAGA

Egun, berehalakotasuna da nagusi, alor guzietan. Lanean, harremanetan, aisialdietan, dena eskuratu nahi dugu, eta segidan. Ikasleak, baitezpadako lehentasun horretan heziak dira gehienetan, eta askok, gaitasunak izanik ere, ez dute indarrik egiteko gogorik. Alferkeria intelektualean irauten du jende anitzek, buraso eta haurrek, eta nekeegi zaio doi bat pentsatzea, eta hori arrunt kezkagarria iruditzen zait etorkizunerako.

Kontsumo sistemak elikatzen du nagikeriaren isuria. Ba ote dakizu, irakurle, aplikazioak daudela, urririk, ikasleen etxeko lanak egiteko? Socratic, adibidez horietarikoa da: zure lanaren gaia sar, eta erantzuna ateratzen dizu, disertazioa ere berdin. Eta bi pertsonak gai berarendako eskaera egin eta ez du sekula ihardespen bera ematen, beti bakuna eskaintzen du. Harritzekoa dena da plagiorik egin gabe ari dela aplikazioa, sortzaile dela. Hain zuzen ere, inteligentzia artifiziala aski garatua da aldi oro emaitza originala ontzeko. Ondorioz, irakasleak ez dezake nehondik ere suma lana ez duela gazteak egina.

Aplikazio horren berri ez dugu oraino ikastetxe ttipietan, bereziki baserri aldean, baina hain segur hedatuko da, eta nork daki, normal bihurtuko ikasleendako. Zer ba, etorkizuneko gazteak ez ote dira izerdituko galdera literario zein filosofikoei arrapostua eman beharrez? Ez ote dituzte orenak pasako buruhausteak argitu beharrean, arazoak konpontzeko estrategiak eraikitzen, kontzeptuak aztertzen, irakurtzen, ikasten, hots, intelektualki loratzen eta zohitzen?

Egia da testuinguru sozioekonomikoak emaitzak baloratzen dituela, prozesuak baino. 1935ean, jadanik, Paul Valéryk zioen ahalkegarri zitzaiola ikustea ikasleek baxoa lortzea zutela xede, ez baxora eroaten zituen bidea, eta kulturaz gose izateko partez, laburpenak eta sintesiak baizik ez zituztela irensten, behar zuten doia diploma edukitzeko; diplomak duelako lana eta leku bat apailatzen gizartean, eta ez urteetan bildu jakitate eta zuhurtziak. Goi mailan ere bai, berehalako ikerketa emankor eta baliagarriak dira diruztatuak edo baloratuak: erakundeen mespretxua baizik ez du lortzen hats luze eta ikuskera sakona proposatuko duenak.

Zer ba, etorkizuneko gazteak ez ote dira izerdituko galdera literario zein filosofikoei arrapostua eman beharrez?

Egoera horretan, eskertzekoa da Adur Larreak berriki argitaratu duen Lurbinttoko ohoinak komikia, zinezko altxorra dena, hamar urtez artxiboz artxibo eta aztarnaz aztarna ibili ondoan. Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak sariztatu liburu nasai horrek kontatzen digun istorioa Konbentzio Gerlaren ondotik kokatzen da: Izualdiak eta gerlak Iparraldea suntsituta utzi ondoan, desertore joan ziren lapurtar batzuk berriz itzuli ziren herrira. Beren ondasunak konfiskatuak atzemanik, Itsasu Lurbintto aldeko Alzuieta etxean gorde ziren –herritarrek nor ziren ederki jakin arren!– eta beren etxeak okupatzen zituztenen kontra erasoaldiak antolatu zituzten, Mandrin ohoin frantses ezagunaren urratsetan ibili nahian. Adurren obra biziki ederra da grafikoki, eta bikainki erakartzen ditu garai hartako gertaerak: giro ikaragarria, jendearen miseria, apez eta beste hainbaten erbesteratzea, Cavaignac eta Pinetek manatu sarraskia, gillotinaren beldurra, lapurtar deportazioa, Perkainen pilota partidak, lapurren atakak. Hondarrean, bestalde, bibliografia eta dokumentu baliosak daude, bai eta orduko bertsoak ere. Dasta zoragarria digu eskaini hor Adurrek, menturaz geroan denbora ebasten jakinen duen norbaitek tesi batekin elika lezakeena.