1980ko hamarkada ez da inoiz amaitu. Eta ez naiz ari revival-ez. 80ko hamarkada lurrazpiko kate baten modura igaro da belaunaldiz belaunaldi, han eta hemen agertuz punka izan zenaren fragantziaz atondutako outsiderrak. Mainstreamik ez da batere gure 80ko hamarkadan.
1980ko soinuak eta jarrerak oinarri hartuta agertu zaigu berriz ere Jokin Azpiazu Carballo, OLOR izenpean. Esperantza lanak elektronika eta punka uztartzen ditu, postpunka, industriala edo bestelako etiketa zopa egin daitekeen arren. Hori dute horrelako lanek, ihes egiten dutela klixe guztietatik.
OLOR pimienta da OLOR-en web-orria. Eta hori bera da Azpiazu, pipermin hutsa, etengabeko bilaketan. Kantu geldo eta pausatuetatik azkarragoetara mugitzen da, erreferentzia eta iturri mordoetatik. Hala aitortzen du berak ere diskoaren parte hartzaileen zerrenda luzearekin: “John Akomfrah, ATR, Manuel Balmaseda, Bap!!, John Coltrane, Crosta, Experiènce, Julio Kageta, Nomeansno, Radio Maria, RIP, Ripcord, Shellac, eta oroitzen ez ditudan beste hainbat. Bila itzazu horien arrastoak diskoan, bertan daude, ondo bilatuz gero”.
Salerosketa da erritmo bizi eta dantzagarriena eskaintzen duena, ekialdeko erritmoekin, lehengo M.I.A.-ren oihartzunekin egongo balitz bezala. Heriotzak Salbu potentearekin jarraitzen du lanak, oihukatzeko gogoak piztuz, Azpiazuren spoken wordaren gainean. Jarraian datoz ere RIPen bertsio bat, Trusty raperoaren kolaborazioa eta Polos y peteneras en Alabama Maite Mursego genialarekin.
Iraultzaren zarata-n hardcore industrialak erritmo azkarragoarekin lehertzen du lana: “Adi entzun, hor ote dago Iraultzaren zarata, iraultza bera da”. Agian lehertu ez da hitz egokiena, Esperantza ez baita sekula lehertzera iristen. Goia jo gabe mantentzen du tentsioa, laino baten moduan igarotzen da. Akaso hori delako garai honen esperantza, lurrazpian dagoen lanbro bat, eguneroko gure bizitzak noiz abordatuko zain.
Industria musikal eta musika industriala ez dira gauza bera. Lehenak sormenarekin hondakinak sortzen ditu, artistak, aretoak eta lurraldeak errez. Bigarrenak hondakin horiekin berarekin egiten du sormena. Zirrikituetatik itzuliz, mainstreamak inoiz jango ez duela jakinik. Beti pauso bat aurrerago, eta zakarrago. Eta bastante eleganteago ere.