argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Komeni zaigulako
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko urtarrilaren 18a

Albistegietako sumarioetako lehen albisteak zein ziren ikusten aritu naiz, ideia bati tiraka. Baina etsi dut, edozeri buruzko edozer irakurriz, aktualitateaz pentsatzen jarri orduko, “uuuuu” luze bat entzuten dut. Eta amorrua sentitzen dut nire ez-parranda garaia orain egokitu  delako. Aktualitatea kanta batean dago azken astean.

Ez naiz batere Shakirazalea izan, azken kantak eragin didanaren kontrakoa eragiten zidalako beti orain arte. Ez berak, bere kantek (eta folletoi itxurako melodramen artean, nahiago ditut Espainiako folkloriken gorabeherak). “Ez berak” hori garrantzitsua iruditzen zait, sortu  diren debateetan nola sentitu naizen horrek definitzen baitu. Ez berak.

Nik ere izan nuen, hitzei adi jarrita, moralizatzeko tentazioa: “Zer erru du nobia berriak?”. Baina nobia berria ez dago kantan. Inor ez dago kantan. Kanta gaur atera da, baina betirako da, eta betirako paktua ez da abeslariaren eta bere bizitzaren eta gure artean, kantaren eta gure artean da. Eta ez da Rosaliaren Despechá, kanta hau señora batena da, haurrak eduki dituena, buruaskia dena... Urte asko listagoa da, eta hogei urteko pertsona bat bere ordez aukeratzeak lerroarte asko eta sakonak ditu, gizonari buruz. “Eta alderantziz balitz, gizon bat bere neska ohiaz?”. Oh, mama. Beti abestu da alderantziz.

Eta nik ere izan nuen, hitzei adi jarrita, antikapitalista jartzeko tentazioa: “Gure askatasuna fakturatzea al da?”. Abeslariari zilegitasuna ukatu nahi dioten kapitalista asko ari dira (bat-bateko katoliko zorrotz) zenbatzen bere balizko sufrimenduagatik zenbat fakturatu duen. Tira, ba bai, zuek bezain beste. “Komeni zaizuelako ari zarete orain zenbait gauza justifikatzen”. Ba bai, hori ere bai. Eta komeni bazaigu, aurrera, “uuuuu”.