argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Zerbitzuz kanpo
Ula Iruretagoiena 2023ko urtarrilaren 18a

Urteko lehen astean Euskal Herriko Unibertsitateko eraikin guztiak itxirik izan dira. Ikasketarako liburutegirik ez. Hainbat kultur zentroren ordutegia, mugaturik. Batzuk gabon oporren luzaera eginaz, besteak urtearen nobedadea aurkeztuz. Astelehenetan itxirik mantenduko dira, edota ordubete atzeratuko dute ate irekiera. Hainbat osasun etxetako medikuaren gelaren atea krisketarekin dago, ez baitu oporraldien bueltan inor espero. Hauek dira publikoaren arreta duten espazioen itxialdiak, baina ziur naiz arreta publikorik gabeko beste hainbat gelek ere sumatuko zutela hustuketarik edo erabilera mugapenik.

Urte hasierako berritasun espazialak hiria gruyère gazta moduan ikustera garamatza. Hainbestetan gerta dakiguke, administrazio publikoaren eraikinak esatea "sentitzen dut, ez gaude funtzionamenduan, saiatu beste une batean".

Ez da erabateko abandonu espaziala; epe batez eta modu intermitentean, batzuetan bizitzarik gabe hustutako lekuak dira. Barrunbe hotsetarako izkina gehiago. Erabilerarik gabeko ordenagailuak. Utzitakoaren usaina hartuko duten paretak. Aprobetxamendua galduko duten espazioak. Bizitzaren interruptus guneak. Egoera sozio-politiko baten isla eraikin publikoen espazioetan.

Baliteke eraikin publikoek espazioa soberan izatea eta beraz alferrikako erradiadore asko martxan izatea. Hori erakusten duen espazio-azterketa baten aurrean bagina, espazio beharren planifikazio bat egin ahalko litzateke, zerbitzua eten beharrean energia xahutu gabeko beroketa gastu mugatu bat bermatuko duen espazioen berrantolaketa batekin. Kasu batzuetan eraikinaren diseinuagatik ez da posible izango beste modu batean erabiltzea gastu energetikoa gutxitzeko. Baina espazio publikoen hausnarketa bat eskatzen du seguru, energiaren gaiaz harago, zerbitzua egoki eta eraginkor eman dezaten, espazioa kudeaketa publikoaren afera ere badelako.