argia.eus
INPRIMATU
Lehen transfusio odoltsua
  • Erroma, 1492ko uztailaren 25a. Inozentzio VIII.a aita santua hil zen 59 edo 60 urte zituela, odol transfusio saiakera baten ondoren.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko urtarrilaren 22a

Giovanni Battista Cibo –hori zuen benetako izena– koman omen zegoen, hidropesiak jota, Giacomo di San Genesio sendagile judutarrari sendabide berritzailea bururatu zitzaionean: gazte osasuntsuen odola sartuko zion. Berehala hamar urteko haur “boluntarioak” topatu zituzten –senitartekoei urrezko dukat bana eman zieten behintzat–. Emaileei karotidan ebaki bat egin omen zieten odola ateratzeko eta, jakina, hantxe bertan hil ziren. Odola kopa batean jaso eta gaixoari ahotik sartzen saiatu zen mediku judutarra. Bertsio baten arabera, une horretan aita santua esnatu omen zen eta, gertatzen ari zena ikusita, medikua epaitzeko agindua eman zuen, baina San Genesiok ihes egitea lortu zuen. Eta Inozentzio zirkulazio buxadurak jota hil zen.

Inozentzio VIII.ari egindakotTransfusio saiakera ez zela gertatu eta eliza katolikoaren aurkako legenda beltzaren parte dela salatu dute haren aldekoek

Stefano Infessura kronikariak jaso zuen pasadizo horren berri, baina bere testigantza zuzenik ez zaigu iritsi. Hau da, beste autore batzuek egindako erreferentzietatik jasota dago, eta bertsioak ez datoz bat.

Gainera, Filippo Valorik heriotzaren kontakizun guztiz desberdina egin zuen: Inozentzio asko argaldu zen, ez zuen elikagaiak hartzeko gaitasunik eta, halako batean, sukarrak jota hil omen zen.

Eliza katolikoaren aldeko egileek, esaterako, Vittorio Messori kazetari eta idazle katolikoak, uste dute transfusio saiakera ez zela gertatu eta eliza katolikoaren aurkako legenda beltzaren parte dela salatu dute.

Baina, beste aita santu asko bezala, Inozentzio VIII.a bera izan zen legenda beltz hori elikatu zuena. Konklabean bere aldeko botoak erosi zituen, Vatikanoaren baliabideak xahutu zituen, nepotismoa praktikatu zuen inongo lotsarik gabe, sorginkeriaren kontrako bula bat atera zuen interes politikoak medio, gutxienez zazpi seme-alaba ez legitimo izan zituen… Errenazimentu garaiko beste aita santu batzuk bezala, esklabotza onartzen zuen, esklaboak kristautasunera konbertitzeko aitzakian. Bere agintaldian Vatikanoa esklabo merkatariekin tratutan ibili zen, eta Fernando Aragoikoak ehun esklabo oparitu zizkionean, kristau berriak hezteaz kezkatu ordez, bere aldeko kardinalen artean banatu zituen.