Gauzek politika egiten dute Anari Alberdi Santestebanen lehenengo lanean. Agian merezi du zehazteak: narrazioetan zehar gauzek politika egiten dute, ez metaforikoki, aski literalki baizik. Susak argitaratutako Gari eta Goroldiozkon gauzak ez dira bizi ustez gizakiona den munduan. Gauzak ez dira gureak. Alderantziz, gu bizi gara haienean. Gu gara haienak.
Estoldetaratutako medikazioen ibilbide zirkularraren eta itsasoratutako plastikozko poltsen eragin planetarioen ondorio gara. Mugitzen gara autobusak izeneko kapsula geopolitikoetan eta mugitzen gaituzte langilea ordezkatzeko automatek errepideetan. Eta gu “hainbeste orduero entxufe bat behar dugun animaliak gara”.
Kafearen hurrupa bakoitzean barnebiltzen da mendeetako konkista eta sarraski koloniala. Eta azken krisi ekonomikoa itxiarazitako denden eskaparateetan irakurtzen da. Zabor kamioi desiratzaileena da gaua eta “ganbarako gauzak bilakatu ziren etxekoen memoria”.
Hori guztia istorio xinple batean. Telefono dei bat. Dei horrek eragiten duen road trip-a goroldiozko Euskal Herritik garizkora. Eta helmugan familia-etxearen hustutzea. Istorioa baina, ez da agian garrantzitsuena.
Produkzio sistema kapitalistaren begirada antropozentrikoa, androzentrikoa eta inperiala da etengabe azaleratzen dena ekintzarik txikienen deskribapenetan. Eguneroko objekturik mundutarrenetan kondentsatzen dira gurutzatzen gaituzten botere harreman guztiak. Horixe da Gari eta Goroldiozkoren gauzak begiratzeko moduaren poetika.
Gutxienez, Karl Marxek egurrezko mahai ezaguna hankaz gora jarri eta dantzatu arazi zuenetik garatzen joan den begirada da Anarik literaturara ekarri duena. Da begirada bat Donna Harawayk garatu egin zuena denon ziborg izateaz jardutean. Begirada bat da gauzek eta gizakiek elkarbanatzen dituzten korapilatutako historietan sakontzen duena.
Ez da gutxi inolaz ere: boterea era ezberdinean pentsatzea ahalbidetzen digu narrazioetako begirada materialistak. Horixe da liburuaren poetika: gure zapalkuntzak sentitzeko kartografia literario eraberritua.