Aspaldian nengoen Teleberria ikusi barik, baina harira ez datozen arrazoiengatik parean tokatu zaizkit larunbat eta igande gauekoak. Eta argi geratu zait zergatik laga nion telebistako informatiboak jartzeari.
Duela urte asko oso gustukoa nuen albistegiak ikustea, baina denbora pasatu ahala, aspertu naute zeharo. Gero eta hutsagoak, gero eta berri ganorabakoagoak. Hotz handia denean, hotzaz dihardute. Eta elurra eginez gero, erdia baino gehiago malutek beteko dute. Ostean, kirolak eta berriro ere eguraldia.
Asteburuetako horietan aroa ezin protagonista izan, arrunta izan zelako. Albisteak hornitzeko guztiek zituzten kaleko jendearen adierazpenak. Merkealdi hasiera zenez, hiriburu bateko oinezkoen berbak: gona bat eta zapatak erosi zituztela, 80 euro gastatu, nahi baino gehiago xahutu zutela… sei bat edo. Biziki interesgarria!
Igandekoan, ordea, Gabonen amaiera: errutinara itzultzeko gogoa, lanera bueltatu nahi ez… Oso argigarria!
Adierazpenok ez dira berriak, ingurukoekin izandako berriketaldi hutsalak baino. Igogailuko elkarrizketa informatiboen muina bada, informatzea non geratzen da?