Zigarrokinak lurrera botatzen dituztenak baino gorrotatuagoak, gaizki birziklatzen dutenak baino areago, liburuak itzultzen ez dituztenak, umeak udalekuetara egun batzuez nonbait aparkatzeko eramaten dituztenak, jatetxeetan, dendetan, igerilekuan… leku guztietan umeak baino areago; gorrotatuenetan gorrotatuenak dira txakurraren kaka jasotzen ez duten maskota-nagusiak. DNAren bidezko sistema bat ere proposatu zen jabe horiei isuna jarri ahal izateko. Ni naiz bat. Maskota-jabea esan nahi dut. Kaka beti jasotzen dut. Nire elkartasun guztia txakur kaken biktimei.
Haur hari, kasu, aita amorratuak lorategitik airean atera zuena, kaka zapaldu zuelako. Printzipioz. Umearen zapatilari begira orro egiten zuen, han-hemen, honekin-harekin, marruskatzen zuenari. Oihuka azaltzen zuen kakarekin maskota-jabeari zer egingo liokeen, nondik sartuko liokeen… Eztula egin nuen, publikoa zuela jakin zezan. “Haurrak daude”. Onartu behar dut, ordea, ni ere antzeko ibili naizela, umearen aurrean, petardoak bota dituzten bakoitzean, hamabi mahatsak jan ondoren bereziki; betiko petardoak, neoauzoetako su artifizialak, lehenagoko intentsitate baxuagokoak, txakurraren nerbioak pixkanaka aztoratuz joan zitezen… Hori baitzen petardoak nondik sartuko nituzkeen esan bitartean egin nahian ari nintzena, alde guztietatik tirokatzen duten soldadu eroa zirudien txakurra lasaitzea.
Bizkarra arkutzen, begirada umiltzen eta itzuliak ematen ikusten dudanetan, mendeku isil bat irudikatzen dut, uhaletik asko tirata ere espaloiaren erdian egiten duenean bereziki. Eta pena ematen dit kaka jasotzeak.