Duela urte batzuk Pablo Antoñana ezagutzeko aukera izan nuen. Pablo eta Elvira Sainz, noski. Elvira kexu zen senarra oso desordenatua zelako eta ez zuelako ordutegirik. Desesperazioz eta maitasunez esaten zuen, tamaina berekoak biak. Elkarrizketan geundela galdetu nion ea Interneten ibiltzen ote zen. Ezetz, esan zidan, irmoki. Egiten ari zenaren arrastoa galtzeko beldurrez ez zuela Internetetik nabigatzen. Nik, ordea, maite dut sareratzea inolako helburu eta xederik gabe. Horrela iritsi naiz Bernardo Atxagari egindako elkarrizketa batera, kontatzen duena zergatik hasi zen poesia idazten, latinezko mezek sorrarazten zioten lilurari esker, dena ez baitzuen ulertzen baina ederra zen entzundakoa. Elkarrizketa horrek Angel Erroren beste batera eraman nau, eta esaldi bat kopiatu dut Bazka deitu dudan eta denetatik jasotzen duen dokumentuan: “Ezin ditut metafora ulertezin gehiegi jarri bata bestearen segidan, argitasuna behar dut: eguneroko hori pixka bat limatu eta dirdirarazi, ahal den neurrian”.