Mexikoko harana, XV. mendea. Europar konkistatzaileak iritsi baino lehen, 3 milioi pertsona inguru bizi ziren sakonunean. Laboreak behar baino goizago edo beranduago ereiteak hondamena ekar zezakeen hain inguru populatuan eta, horregatik, funtsezkoa zen haientzat uneoro egutegi guztiz zehatza erabiltzea.
Horretarako, puntu zehatz bat hautatu zuten eguzki-behatoki modura eta, Sierra Nevadako zerumugari begira, eguzkia egunero nondik irteten zen jasotzen zuten. Horrela, urtaroetako ñabardura guztiak aztertzen zituzten, garai lehorrenak eta euritsuenak noiz etorriko ziren aurreikusiz, ereiteko unerik egokienak hautatuz… Eta, modu horretan, besteak beste, bisurteak eguneratuta zeramatzaten –Europan desdoitzeak pilatzen eta nola edo hala konpontzen zituzten bitartean–.
Azken urteotan hainbat azterlan egin dira azteken zerumuga egutegiei buruz. 2020an, Juan Rafael Zimbronek Santa Cruz Acalpixcako Piedra Larga parajeko egutegiari buruzko artikulua eman zuen argitara. 2021ean, Francisco Salvador Granadosek Cuauhnahuac tenpluko astronomoek erabiltzen zuten egutegiari buruzko lana osatu zuen. Eta, berriki, Californiako Unibertsitateko Exequiel Ezcurra ekologoak gaiari buruzko orain arteko ikerlan zehatzena argitaratu du PNAS aldizkarian.
Behatokia zehazki non zegoen jakiteko, Ezcurraren lantaldeak garaiko dokumentu aztekak kontuan hartzeaz gain, sistema astronomiko konputerizatuak erabili ditu, eta kokalekua Tlaloc mendiko tenpluko galtzada batean zegoela ondorioztatu du. Baina puntu horretatik abiatuta, ikerlariaren hipotesia da “Mexikoko haran guztia erabiltzen zutela, sakonunea bera zela haien lan tresna”. Eguzkiaren Harri ezagunari “azteken egutegia” esan izan zaio maiz, baina Ezcurraren ustez, hori ez da zuzena. Eskultura hori erritualetan erabiltzen zuten, baina ez egutegi modura, “ez zeukan erabilera praktikorik”.
Gaur egun, Tlaloc mendiak garai bateko funtzioa galdu badu ere, Ezcurrak balio berria eman nahi dio, 1940ko hamarkadatik honako argazkiei begira konturatu baita urteen poderioz landaredia mendi hegaletan gora egiten ari dela. “Antzina denboraren behatoki izan zena, XXI. mendean ere klima aldaketa ulertzeko behatoki izan daiteke”.