Txominen ezagutzak egin nituen 1957ko uztail ondarrera Hazparnen, euskal ikasleen elkarteak urtero bezala antolatu zuen aste beteko ikastaldian. Eskuan zuen Txillardegiren lehen liburua, Leturiaren egunkari ezkutu eleberria. Gaztetik Hegoaldean asko ibili zen, gehienik Gipuzkoan, adiskide minak eginez, bereziki Donostiako Jon Etxaide, Urdatx-Santa Graziko bortuan ibiltzea maite zuena.
Txominek gipuzkeraz idatzi du zubereraz baino gehiago, Jon Mirande beste paristar euskaldunak lapurteraz idazten zuen bitartean. Irekidura horrez euskara batuaren arbasoak ditugu, Gabriel Aresti bilbotarrarekin. Hiruak lagunak ziren euskaldungoan eta literaturan, ez ordea politikan: Mirande ideologiaz beltza zen, Aresti gorria, eta Txomin elektroi askea.
1964an ezkondu zen Marie-Thérèse Olivier, Perche eskualde txikiko normandiar andrearekin. Haurrik ez dute, baina bi belaunaldiz bizitu dira batasun onean. Alta Txomin ateoa zen, ez zuen ezkutatzen. Aldiz emaztea katoliko suharra da. Baina biek bikote sendoa osatu dute, Abdelkader emirak proposatu "kontrarioen harmonia" ederki betez.
Azken hitza Marie-Thérèse alargunaz. Ber tokitik etorri zitzaigun 1134an Margarita Perchekoa, Nafarroari arrano beltza ekarri ziona, Monzon Gartzia Ramirez Berezarlea erregearekin ezkonduz. Marie-Thérèsek Txomini zein txori ekarri dio, ainara lankidea ote, ala bakearen usoa? Ala biak batera? Txominek badakike.