Harritu da ama, berak deus ere galdetu gabe, tabernan sartu eta egunkari bat eskura eskaini diotenean: “Aquí tienes, Blanca.” Harritu da, egunkaria eman dionak amaren izena zekielako, behin ere harekin hitz egin ez badu ere. Barran eskatutako bi kafeak hartu eta mahaian jarri gara. Orduan etorri da amak bolumen apalean egin didan komentarioa (gaztelaniaz): “Tabernan isilik dauden beste batzuek ere ederki jakingo dute ospitalean eman dudan aldiaren berri.”
Harritzekoa da, izan ere, gutaz zenbat dakiten ingurukoek, askotan edota aldian behin ikusten gaituzten beste horiek: gure izena, gure lanbidea edo langabezia, gure harremanak, gure gorputzaren eskasia... Harridura unibertsala da, nonbait ere: sentimendu aski bitxia sortzen du ezagutza horretaz ohartzeak.
Alabaina, ez gara harritzen gu haiek garenean, eta besteen gainean aritzen garenean: haien izenaz, haien lanbideaz edo langabeziaz, haien harremanez, haien gorputzaren eskasiaz… Ez gara harritzen beste batzuk gurekin harritzen direlarik.
Eta, urte zaharraren eta berriaren arteko trantsizio honetan, ez dakit zerk sortzen duen harridura handiagoa nigan. Harritzeak. Ez harritzeak.