"Migrazioa? Ez, mila esker" Jose Mari Esparzaren testuak hautsak harrotu zituen duela hilabete inguru. Soka luzea ekarri zuen horrek, eta nik ere soka horretatik tira egin nahiko nuke. Argudioak eman nitzake diskurtsoa arrazista dela esateko, baina ez da hori nire asmoa; arrazakeria mota asko daude leku guztietan, eta hemengo sektore "progresistak" ez daude errealitate horretatik salbu. Esan bezala, baina, beste zerbaitetan jarri nahi nuke arreta. Iritzi emaileon eta informazioa jasotzen dugunon arduraz eta betebeharraz sortu baitit gogoeta nagusia Esparzaren testuak.
Lengoaiak pentsamendua sortzen du, eta pentsamenduak ekintza. Alde batetik, hedabideetan geure usteak plazaratzen ditugunon arduraz pentsarazten dit horrek. Agian ez dugu inolako erantzukizunik, segur aski kontuak eskatzen ibiltzea ariketa kontserbadorea eta paternalista da, eta iritzia librea da, ekonomia bezala, librea. Iritzia esklaboz betetako mundu hau bezain askea da. Iritzi-emaile profesional bihurtu gara, eta agian zilegia da, baina horren ondorioz (ere) sare sozialak eta komunikabideak iritzi-kazetaritzaz gainezka daude, "informazioaren demokratizazioa" omen.
Beste alde batetik, gogoan hartu behar da iritzi jasa horren hartzaileek nola kudeatzen duten informazio andana hori. Esango nuke askotan ez gaudela prest behar bezalako hausnarketa sakona egiteko. Batzuetan, diskurtso ofiziala errepikatu besterik ez dugu egiten. Beste batzuetan, jasotako informazioa gure iritziarekin bat ez datorrenean, pozoia zabaltzen dugu sareetan, hausnarketari tarterik eman gabe.
Buruan ditugun usteak askotan ez dira gureak, baizik eta beldurraren eta aurreiritzien ondorio, beste batzuek guk pentsatzea nahi dutena, finean
Adiskideak eta etsaiak sortzen ditugu di-da batean, erraietatik egindako irakurketetan oinarrituta, eta mundua modu ezberdinean ikusten dutenak konbentzitu egin nahi ditugu, geure egia bakarra balitz bezala.
Oso politikoak garela sinetsita, mundua aldatzen ari garelakoan, panem et circenses distrakzioaren bidea jarraitzen ari gara, agenda markatzen dutenek gure kirtenkeriaz irri egiten duten bitartean.
Geure buruari galdetu beharko genioke zein den gure prozesu mentala informazioa barneratzeko. Buruan ditugun usteak askotan ez dira gureak, baizik eta beldurraren eta aurreiritzien ondorio, beste batzuek guk pentsatzea nahi dutena, finean. Aristoteles gogora ekarrita, zoon politikon gara, "animalia politikoak", alegia. Hala, esango nuke "animalia politikoa" izatea bestea modu sakonean ulertzea dela, eta modu horretan mundua ulertzea. Ekintza horren bidez, nork bere kaka purgatu beharko genuke, kaka hori munduari ez botatzeko.