argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Material ona
Uxue Apaolaza Larrea 2022ko abenduaren 21

Lehengusu nagusiak (ez dakit bietako zeinek, Aitorrek edo Xabierrek) zinta batean grabatutako hit-en artean, Hil ezazu aita, kotxean. Literaturara jaio berri zen hamalau urteko nerabetxoa familiarekin txangoan. Desasoseguan barrena zaramatzan ipuin bat, betirako geratzen eta errepikatzen den gorpuzkera.

Esaiok, ahizpak bai ala bai entzun nahi zuen kanta, “yasta, berdin zait dena”. Eta hainbat eta hainbat geruza zeharkatu zituzten kantak, denboraren orratzak plegatzen...

Marmarka hasi nintzen hasiera-hasieratik: esan nituen nostalgiaren aurkako asko, gaur egungo musikariei buruzkoak, grabatu egingo gaituzte, publierreportaje bat gara, hau boomerrentzat Tinder erraldoi bat da. Ahizpak isiltasun gor batekin erantzun zidan, eta sarrerak erosiko zituela jakinarazi zidan, “esan nahi duzuna, baina etorri egingo zara”. Eta amaieran ezin nion txalo egiteari utzi, hitzik gabeko eskerrik asko erraldoi bat.

Lehen kantarekin jakin nuen, akabo marmarrak: merezi zuten, merezi genuen. Zaplazteko handi bat, larru jotze bat, Garik berak orgasmo esan zion sentitzen ari zenari. Ba nostalgia honek molatzen du, material ona daukagu nostalgiarako, han geunden eta ez geundenen historia musikalean hori egotea ordainezina da. Inoiz ikusiko ez nuela uste nuen klasiko bat ikusi nuen, oso bizirik, eta nire ustezko zorroztasuna txikitu zuten. Izan eskuzabalagoa zure klasikoekin, identitatea zor diezu.