Transilvania (egungo Errumania), 1713. Erromatar garaiko urrezko txanpon bat, aureo bat, aurkitu zuten. Erromatar aureoek izan ohi zuten purutasunik ez duenez, faltsua izan zitekeela ere pentsatu zuten, eta txanpona Glasgoweko Unibertsitateko Hunterian museoan egon da gordeta 300 urtez, numismatika bilduma batean ia ahaztuta.
Baina berriki University College Londoneko ikerlariek pieza aztertu dute eta txanponaren aurkian, garbi, erromatar enperadoreen zerrendan ez dagoen izen bat ikusi dute: Esponsiano.
Ustezko enperadoreak koroa du buruan eta, alboan, zehazki, IMP SPONSIANI letrak ageri dira. Orduan, erromatar iturriek zergatik ez dute enperadore hori aipatzen? Ifrentzuak ez du erantzunik ematen.
Togaz jantzitako bi pertsona daude, horietako batek txirula moduko bat dauka, eta C AVG letrak daude idatzita. Logikoa dirudi hizki horiek Caesar Augustus esan nahi dutela pentsatzea, enperadoreen titulu ofiziala baitzen. Baina adituek ondorioztatu dute Caius Augurinus izenaren laburdura dela eta Errepublika garaiko pertsonaia bati egiten diola erreferentzia. Esponsianoren txanpona K.o. 260. urte inguruan datatu dutenez, ikerlariek uste dute, besterik gabe, K.a. 135 urteko txanpon bat erabili zutela eredu gisa eta bestelako ondoriorik ezin dela atera.
Esponsiano ez zen sekula enperadore “ofiziala” izan, Erromak ez zuen haren agintea aitortu
Hortaz, Plos One aldizkarian argitaratu berri duten artikulua testuinguruari erreparatuta osatu behar izan dute. Esponsiano ez zen sekula enperadore “ofiziala” izan, Erromak ez zuen haren agintea aitortu. Ziurrenik bere boterea Danubio iparraldera mugatu zen, Daziako probintziara. Izan ere, III. mendean ezegonkortasuna nagusitu zen Inperioan eta metropoliak probintzia eta muga askoren kontrola galdu zuen.
Egoera horretan, hiriburuarekiko harremanak etenda, ejertzitoko komandante batek, Esponsianok, probintziaren kontrola hartu zuen, eta aginte zentralaren eraginik gabe gobernatu zuen 260eko eta 270eko hamarkada inguruan; bere burua enperadoretzat jo zuen eta txanponak ere eginarazi zituen. Beti ere ikerlarien hipotesiaren arabera, Esponsianoren helburua probintziako populazioa babestea eta tribu etsaien inbasioei eustea zen, eta ez Erromako boterearen aurka egitea.
Hau da, Esponsiano ez zen matxinatu, beharrak bultzatutako erabaki praktikoa hartu zuen. Eta, garai liskartsu haietan hiriburuarekiko komunikazioa ia ezinezkoa zela kontuan hartuta eta Esponsianoren beste inolako erreferentziarik ez dagoela ikusita, Erroman ez ziren konturatu ere egin.