Bederatzi egun gehiago izango ditugu Hego Euskal Herrian ordaindu gabeko zaintza lanak eta enplegua bateragarri egiteko. Begi onez ikusi da neurria, urrats berri bat delakoan zaintzaren zama arintzeko eta jasangarriagoa egiteko familiei, familia eredu asko daudela aitortuz gainera. Txalotzekoa... edo ez.
Kontziliazio politikek ez dute balio izan gizonak zaintza lanetara batzeko; baimen gehienak emakumeok hartzen ditugu eta gehiago pertsona helduen zaintzarako direnean. Zaintza lanek ekonomikoki eta sozialki emakumeak zigortzea betikotzen duten politikak dira, enpleguan eragiten dutelako eta jardunaldi bikoitzak gure parte hartze sozialerako aukerak murrizten dituelako. Ez dira behar bestekoak zaindua izan behar denaren premiak asetzeko. Zaintzak gaixotasunekin eta momentuko menpekotasunarekin parekatzen ditu, ez pertsonen beharrekin, zaintzen ikuspegi mugatu eta ezegokian tematuz.
Egia da zaintzen duenarentzat ongi etorriak izango direla baimen egunak. Baina etsigarria da zaintzak antolatzeko eredua aldatzeko borrokatzen dugunontzat halako neurriak hartzen direnean kontziliazio politikak gainditzeko eta zaintza sistema bat egituratzeko garaia dela esaten duenik ez entzutea instituzioetan. Etsigarria, lanaldiaren murrizketaz ez hitz egitea, Eta etsigarria zaintzak familia kontua izaten jarraitzen duela ikustea.
Feminismoak aspaldi utzi zion zaintzeko baimena eskatzeari zaintzak bere osotasunean berrantolatzea eskatzeko, eta bada garaia emakumeen askapenerako funtsezkoa den aldarrikapena agenda politiko eta instituzionalean dagokion lekua hartzeko.