Mikel Zabalzaren erailketaren 37. urteurrenean irakurri nuen behin baino gehiagotan esaldi hau: "Memoria abandonatu ezin den fabrika da". Berehala, torturaren aurkako memoriaren fabrikako langile sentitu nintzen, batzuek ahaztu nahi dituzten piezak egin eta ikustarazteko ahaleginetan borrokan. Antolatu gabe, nolabait bakoitza bere gisara eta laguntza askorik gabe. Bitartean, beste dozenaka fabrika beraien memoria inposatu nahian; eta gure sindikatuak? Negoziazioetan?
Fabrika horretako langile gisa, izan dut abandono sentsazioa behin baino gehiagotan. Azkena, Bi arnas dokumentalaren inguruan, hain zuzen. Hau da, langileok (torturatuok) eta gure familiak-lagunak saiatzen garela elkarrekin fabrika eusten, baina sindikatuak (mugimendu politikoa) ez daudela gurekin borroka honetan, edo hori bulego lanetara mugatzen dela. Nola ulertu bestela, aurten, 2022. urtean, Iratxe Sorzabal 24 urteko kartzela zigorrera kondenatzea torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta, eta horren kontra egindako salaketak beraren lagun eta familia ingurutik etorri izana? Edo euskal preso politiko ugarik arrazoi beragatik espetxean jarraitzea eta grebarik edo-eta kalean zalaparta gehiagorik ez egitea? Amnesiaren, isiltasunaren, hitzarmena sinatu ote dute sindikatuek bizikidetzaren izenean? Epaitegi eta bulegoetatik haratago joateko garaia da, gogoratzeko, berriro ez gertatzeko, aitortzeko eta presoei zigorrak eteteko, grebara!
Euskal herritarrok jasandako tortura sistematikoa eta estrukturala izan bada ere, horren aurkako erantzuna ez da horrelakoa izan, salaketa eta torturaren aurkako borroka norbanakoen gain utzi delakoan nago. Norbanako torturatuek ditugun tresnen arabera doa ateratzen tortura kalabozoetako itzaletik kalera, eta horrek ahalegin handia eskatzen du bizirik atera garenontzat. Izan ere, lekukotasunak emateak bortxatu eta txikitu zituzten gorputz horiek ikusgai jartzea dakar, zauriak irekitzea. Berriro guda zelai bihurtutako gorputz hori politizatzea, memoria kolektiboa egiteko. Estatu terrorismoa jasan eta biziraundakoak garen heinean, legitimitate osoa dugu hatzarekin arduradunak seinalatzeko. Aitortza politikoa lortzeko, ordea, borrokan gurekin behar ditugu mugimendu sozial eta politikoak!
Euskal herritarrok jasandako tortura sistematikoa eta estrukturala izan bada ere, horren aurkako erantzuna ez da horrelakoa izan. Norbanakoen gain utzi delakoan nago
Une honetan, ezinbestekoa iruditzen zait ardura politikoa hartzea memoriaren izenean. Batetik, ezin delako torturaren aurkako borroka instituzioetara mugatu eta delegatu. Batzuentzat badirudi, Baskongadak deritzoten horretan, Eusko Jaurlaritzaren txostenean gure izena azaltzearekin memoria egina dugula. Horregatik, Nafarroan egin bezala, torturatuok saretzea, antolatzea eta memoriaren eta aitortzaren bidean subjektu politiko aktibo bihurtzea beharrezkoa deritzot. Berriro errepikatuko ez dela bermatzeko zimenduak jarri behar ditugu eta gertatutakoa idatzi.
Behar horretatik abiatuta, Bi arnas dokumentalarekin pikete lanetan gabiltza, beste fabrika eta langileak piztu eta sindikatuak desblokeatzeko nahian. Torturaren afera ez delako iraganekoa, egun ere ondorio latzak uzten dituen estatu biolentzia baizik. Erreibindikaziotik egiten da memoria eta ez ahanzturatik. Emakume euskaldun gisa jasandako biolentzia espezifikoetatik eman ditugu lekukotasunak, horiek gatazkaren irakurketa kolektiboan txertatzeko. Hortxe gure ekarpena. Orain zeuen txanda. Bi arnas milaka arnas bilaka daitezen tortura eta torturatzaileen inpunitatearen aurka eta aitortza eta memoria kolektibo feministaren alde!