Lagun batek txio bat bidali zidan, txantxa tonuan, bazkalondoren batean edukitako gure eztabaidatxo baten jarraipena zirudielako, eta txiolariak nik erabilitakoen oso antzeko argudioak zerabiltzalako. Txioak hari bat zuen azpian, eta, tira, ezin osorik jarri, baina besteak beste, hauxe dio: “Urtero dago Gabonetako argien kontura kritika egiten duen eragileren bat”, eta “doakoak diren masa ikuskizun bakarretakoak dira”. Karla Pisanorenak dira hitzak. Pisanok horrela amaitzen du: “Den-dena nahi dugu: gure etxeak berotuko dituen argindarra zein arte espresio bilakatuko dena”. Nik ez nioke arte esango, bai entretenimendu, bai aringarri… baina bai, dena nahi dugu, dena dagokigu.
Gastu batzuk mespretxatzea, igerileku irekiak kasu, ura falta denean igerileku publiko guztietakoak kasu, klase ertaineko snoben kontua izaten da, Hernanin, kale bat oinezkotu eta egoteko zurezko banku eta mahaiz bete zenean barre egin zuten listoena. Batzuen etxea, halabeharrez, kalean dago: ez kontzertuetan, ez zineman, ez Pirinioetara txangoetan. Askoz horteragoak gara.
Egia da, kapitalismoak dena bilakatzen du kontsumorako amu, argiak zein kaleen oinezkotzeak. Baina begiratu ondo, kontsumitzaileen artean daude kalea zukutzeko pauso geldoan doazen familiak, haurren parkeetan aterpetzen diren nerabeak, Hernanin hainbeste grazia egin zuten banku eta mahaietan aspertzen direnak. Arte espresioak egonaldi horietan sortuko dituzte, goxo aspertzen diren unean, argiei begira.