argia.eus
INPRIMATU
Jarrera
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2022ko abenduaren 14a
'Adore, kemena, kuraia' | Zea Mays | Garden Records, 2022
'Adore, kemena, kuraia' | Zea Mays | Garden Records, 2022

Bizitzak buelta ugari ematen ditu, ugari eta ustekabekoak. Zea Mays-en sorrera oso hurbiletik bizi izan nuen arreba zale amorratua izanagatik, baina gerora haienganako arreta galdu nuen nolabait, lanean jarraitzen zutela jakinda eta horregatik pozik, baina beste talde batzuei erreparatuz. Duela urte batzuk, baina, zuzenean ikusi nituen, eta hura zaplastekoa! Taldetzarra, betea eta irmoa erabat. Gerora, pandemiaren hasieran etxean Atera diskoan erreparatu nuen txundituta, a ze lana! Eta paradoxak paradoxa, pandemia ilunean ikusi nuen lehen kontzertua, sinesgaitza, haiena izan zen, Victoria Eugeniakoa, eta a ze kontzertu, ze hunkidura, eta zenbat emozio bizi izan genituen –guztiok- oraindik arrotz genituen maskara haiek ia bi orduz jantzita–.

Eten luzea egin behar izan du taldeak, baina bizitza –beti bizitza– ospatu beharra gailendu da oraingoan ere. Atera-n protagonismoa hartu zuten sinte-ak gelditzeko etorri dira, eta oraingoan ere baliatu dituzte lau pizti hauek kantuei gorputz borobilagoa emateko. Adore-k dauka taldearen DNA erabat itsatsita: suitzarren pareko erritmoa, doinu itsaskor eta sentikorrak eta kantu borobilak; Zuk borroka hasi pausatuagoa da baina irmoa, eta murgiltzen da post-punk-aren eta Alemaniako aitzindarien erritmoetan. Kemena-k, aldiz, uztartzen ditu pasarte orkestralak, rockeroak eta dantzagarriak. Inondik inora-k gitarra sarkor eta distiratsuak ditu, 90eko hamarkadaren gerizpean. Kuraia da zerutiarragoa, baina intentsitate, kadentzia eta dramatismoz bustiz doa. Corazón de tango da bocho-ko klasikoa sinte-ekin eta gitarrekin biziberritzeko ariketa (eta emaitza) aberatsa. Adore, kemena, kuraia da metalero pisutsu jaio eta post-punkaren erlojuak gidatzen duen gezia. Ez naiz ni goxo pausatuan Rozalen batu dute haiekin. Ez zaitez sartu deiadarra elektronika minimalistak eta rock indartsuak arintzen dute. Eta, azkenik, Bizia da ospakizunaren rave-a. Izan ere, lehen eta orain, Zea Mays-en kantu bakoitza, ezaugarri eta arrazoi desberdinengatik, ospakizun bat da.