Urte batzuk igaro dira burutik pasatzen zaizkidan gauzak egunerokoan edo paperean jasotzeko ohitura hartu nuenetik. Formatuak anitzak izan dira: poemak, marrazkiak, nik bakarrik ulertu ahal ditudan esaldi solteak, narrazio gordinak, letra larriz idatzitakoak, xehez… Esan beharra dut geroz eta gutxiago praktikatzen dudala unerik kritikoenetan salbazioa edo ihesbidea izan dudan erritual hori. Eta gutxitan izan dut memoria horietara bueltatzeko tentazioa.
Autoezagutza ariketa bikaina da idazketa, bai arrazionaletik emozionalera jaisteko, bai eta alde emozionala ulertzeko ere. Denerako. Batzuetan autozentsura kontzientea eta metaforak erabiltzeko tendentzia agertzen da, nahiz eta idatzitakoa (edo idatzi gabe geratzen dena) gelako apalategi batean beste hainbat libururen artean nabarmenduko ez den koaderno batean geratuko dela jakin. Nahiz eta sekula inork irakurriko ez duela jakin. Burutik papererako saltoa oso handia da, ideiek beste dimentsio bat hartzen baitute idaztean. Abstrakziotik errealera saltoa. Ezagutzen ez zenuen ni-a eta bere limiteak onartu. Bai, bertigoa ematen du gure egiaren publikoa soilik gu geu garenean ere.