argia.eus
INPRIMATU
Herri txiki, aukera anitz
Hiruki Larroxa @Hiruki_Larroxa 2022ko abenduaren 14a

Zisheterodisidenteak garen pertsona gehienok hirietatik at sortu gara. Herrietan sortu, hazi eta bizi(raun) izan gara, herrietako dinamika heteroarautuek hirietara erbesteratu gaituzten arte, sexiliatzera behartu gaituztenera arte.

Hirietara bizigarritasunaren, sarearen, komunitatearen bila jo izan dugu. Han jarri izan baititugu gure gogo eta asmoak, noizbait errotzeko asmoz. Hirietan, gure kideekin korapilatu gara, eraldaketarako ahaidetasunak eraiki ditugu eta, une askotan, jendartea gure ekintzekin eraldatzearen ziurtasuna ere izan dugu. Hirietan sortu eta sortzen ditugun komunitateak, beraz, beharrezkoak dira.

Baina, nahi gabe, hiri-joera horrek ere tranpa kapitalistan erorarazi gaitu. Izan ere, progresismoaren ideia faltsuak, eredu kontsumista traidore eta suntsikor batekin nahastuta, sinestarazi digu den-dena gertatzen dela hirietan, dena kolorezkoa dela, gure sexualitateak aukeraz beteriko lurzoru emankorrean azaleratuko direla.

Baina hiriak jada ez dira hain bizigarriak eta, Yayo Herrerok esaten duen moduan, hiria baliabide materialak kontsumitu eta zaborra (emozionala ere) besterik sortzen ez duen egitatea da; noski, baliabideez gain, pertsonak kontsumitu eta ikusezindu egiten dituena ere, horiek muturreraino eraman arte.

Aktibista transfeministak garen aldetik, ikusten ari gara nola herrietan berraktiba daitekeen ehun sozial eta politiko zisheterodisidentea

Zer esan hirietan sortzen ari garen abangoardiazko komunitateei buruz. Askotan, guayismo eta itxurakeriaz beteriko harreman endogamikoak direla, non botere-asimetrietan oinarrituriko hiruzpalau guru kultureta edo akademikoren goraipamen iraunkorrek elite kultural, sozial eta politikoak sortzen laguntzen dituzten. Oso subertsiboak, disidenteak eta aurrerakoiak, bai; baina eliteak, azken finean.

Asko eta asko gara hiriak atzean utzi eta, zakua bete bizipen, herrietara jotzen dugunok komunitatea sortzeko asmoz. Eta, bizigarritasunaz ari bagara, herrietan pertsonon bizitzak bizigarriak egiten dituzten dinamika eta sareak ere badaude. Hori bai, horiek sustatu behar dira, ez dira ezerezetik sortzen.

Falta dena da, hain zuzen, hirietan LGBT+ pertsonok egin dugun lanketa guztia. Bailaraz bailara eta herriz herri, zisheterodisidenteok geure arteko artikulazioa gauzatu behar dugu.

Aktibista transfeministak garen aldetik, ikusten ari gara nola herrietan berraktiba daitekeen ehun sozial eta politiko zisheterodisidentea. Eta profesional gisa, ikusten ari gara nola, udal mailako diagnostikoak eginez, posible den zisheteroarautik kanpoko sexualitateengan eragina izango duten politika publikoak diseinatzea. Zeren, bai, herrietan ere garena izateko aukera egon baitaiteke.