Bai, erraten den bezala, lehengo lepotikan burua”. Olaiaren ama, amona, izeba, bizilagunak ematen dio izena diskoari. Sustraietatik datorkio arima lan honi. Gutxi gorabehera jakina zen, jarraitzen zutenentzat behintzat, Olaia Inziarte egiten ari zena berezia izango zela. Duela urtebete atera zuen disko honetan gordetzen den Martzianoak, eta ordutik ari da buru-belarri, bihotz eta eztarri, lan hau garatzen.
Ahotsaren potentzia eder erabilia da, indar uneak indartsuak direlako oso. Luxatu ere egiten du ahotsa, tarteka Eneritz Furyaken estiloan, giltza martzialaren pare aldatuz esperotako norabidea. Txistukatzen du fandango bat Pettirekin, rantxera bat dirudien zerbait han, eta bals bat, Joseba Tapia eta berarekin batera abesten duen ahots ensemble goxagarri eta trebearekin (Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe, alegia).
Oso popa diren uneetan kolorea asmatzen du Inziartek. Esan nahi dut, hizkuntza gisa mugatua dela popa, eta are, pop-rocka eta, hala ere, Olaiak badakiela handik eta hemendik topatzen zaporeak. Zure mina abestian saiatzen da beste paleta bat gehitzen haizearekin, bateriak aurreratzen, garapena garatzen.
Martziano bat da Inziarte. Zentzu guztietan uste dut. Barrura begiratzen ulertzen du kanpokoa; eta lasai, barkamenik beroenak ematen ditu ulertzen ez duenarentzat. Baina badu belaunaldiaren berezko zerbait, eta bada aipatzen ari garen nahaste hori. Behe Klasekoa, Xagua eta Katua Vol II eta Berak Badaki abestietako ekoizpenaren interesgarriena hibridazioa baita. Hibridazio akaso neurtua, baina hibridazioa. Billie Eilish ahaztu xamarra dagoen arren, ildo hori du Inziartek: kantaren zerbitzura jartzen eskura dituen iturri guztiak. Iturri horiek pop komertzialetik kantu herrikoira doaz, eta dance elektronikotik eta uste dut jazzetik pasatzen ari direla. Eta susmoa dut pasako direla gero eta gehiago. Ez dezagun ahaztu Olaiaren lehen diskoa dela hau. Helduegia lehena izateko, etorriko denarekin ilusioa pizteko modukoa.
Galtzerdi zulatuek istorio hobeak dituzte baino entzule onez eskas gaude. Ildo horretan bota zuen Ben Yartek arazoa ez dela eszena, baizik eta, artistek ez zutela eskaintzen garaiak behar zuena. Eta behar denaren lehen urratsa, zalantzarik ez, zintzotasuna da. Inziarteren kanta guztiak dira sinesgarriak, eta hori da kanta bati eska dakiokeen behinena. Beste guztia bidean da.
Gainontzekoen minarekin kontuz ibili, baina baita ere ibili kantuz. Olaia bada sendagai moduko bat, bada gereziak ahora eramatearen parekoa. Lasaigarri bat: oraina etorkizuna dela ziurtatzen duena. Belaunaldi honek, bere minez jabetuz, badakielako zer nahi duen. Olaiak bazekien, bai, xoratuko gara.