argia.eus
INPRIMATU
Gauez
Itxaro Borda 2022ko abenduaren 07a

Azken asteotan, ordua aldatuz geroztik bereziki, gau sakon, luze eta etengabe batean bizi naizela dirudit. Ene egiteko gehienak eguzkia sartu ondorengo uneetan gertatzen dira. Gustatzen zait alabaina, betidanik lo nekezeko gau-txoria izan naizela uste dudalako. Beltzaren oihalak troxatzen nauenean, gainera, dena hobekiago ikusten dut, kanpoa bai eta ezinegonak inarrosten duen barnea ere. Argirik ez dagoenean, funtsean, bataren eta bestearen arteko ezberdintasunik ez dago.

Autoan, Nirvana unplugged dantzut, Fantasia eta Zintzilik diskoekin aldizka, euri zeharkariak autobusen leihoak jotzen dituenean aldiz ene gogoeten Belharrari jarraitzen diot, gizaki fantomatikoekin batera muga pasatzen dut topotik jaistean eta Crimsen podcasta jartzen dudanean jadanik Highway 63 ezagunetik banoa, ihesean bezala. Bizitzaren paradoxa: gauean guztia argiagoa dela sinesten dut.

Aurpegiak hor dauzkat, memoriaren argi-ilunean gatibatuak, ardurenean ez dakidan arren nor non gurutzatu dudan, baina buru zokoan datxikat egundainokoan, aipatu, eztabaidatu eta trenkatu dugunaren mamia.