DIY: Do it yourself. Egizu zerorrek, alegia. Edo hik heuk egintzank. Kontzeptu jainkoturik baldin bada gurean, eta bereziki musikaren munduan, horixe da. 90eko hamarkadan egin zuen eztanda inguru hauetan, eta badirudi jarraitzaile asko izaten segitzen duela oraindik ere.
Aldizkari honetan bertan elkarrizketatu zuten duela ez hainbeste musika talde amateur bat, eta lerroburua, klasiko bat: DIY filosofiaren esentzia bilatu nahi zutela; DIYaren sublimazio moduko baten arakatze etengabea. Bidea da borroka. Borroka ia bakarra.
Bururatzen zaidan galdera maltzurra da, baina ziur beraiek bakarrik kudeatuko luketela, koherenteak badira: Zein zen B plana? Edo, bestela esanda, atzetik ufaka sumatuko ote zituzten nazioarteko bira amaigabea antolatzeko irrikitan zeuden promotorak –musikarien lanaren bizkar aberasteko helburu makurrarekin–, taldearen zuzeneko saio jendetsu andana kudeatuko zuen management konpainia bat, salduko lituzketen dozenaka (ehunka?) disko horiek noranahi banatzeko enpresarik, bitartekaririk, zigilurik, diskoetxerik?
DIY: 'Do it yourself'. Egizu zerorrek, alegia. Edo hik heuk egintzank. Kontzeptu jainkoturik baldin bada gurean, eta bereziki musikaren munduan, horixe da
Zeren, horietako bakar bat ere ez badago interesatuta, zein neurritan da apustua erradikala, eta ez halabeharrezkoa? Benetan du ikaragarrizko meritua, mende honetako 20ko hamarkadan oraindik musika talde batzuek saldu nahi diguten bezala? Multinazional bat atzetik baduzu, eta zuk uko egin, ez duzulako hark zure lana baldintzatzerik nahi, edo uste duzulako putre diruzale saldo bat baino ez direla… Orduan bai, orduan ulertzen dut, eta miresten, norbere lanaren ahalik eta alderdi gehien kontrolpean izateko hautua.
Karikatura eginez, edo karikaturarekin segituz, baina errealitatetik gehiegi urrundu gabe: motibo berezi batengatik –edo fetitxismo hutsagatik– bada ondo, baina kulturaren, artearen, sorkuntza-prozesuaren mesederako al da 300 disko “manufakturatzea” taldekideen artean, eskolako plastika ikasgaian egongo bagina bezala? Nola aska dezake horrek egilea? Nor ateratzen da irabazten?
Besterik da kolektiboak eratzea, elkarri laguntzeko, babesteko, aterki baten pean aurrera egiten saiatzeko, eta halako adibide ugari ditugu gurean, zorionez: Balio dute, Mukuru, ZART, Erraia, Taupaka, eta beste bururatzen zaizkit, eta gehiago izango dira. Baina bestela, DIYaren fantasiazko diskurtso horiek, ez al dira ia bertan-goxo huts bat? Ukitu autokonplaziente bat ikusten diot, gutxizaletasunari egindako gorazarrea, gurean oso ohikoa, beste hark zioen bezala. Sentitzen dut, baina, garai hauetan, ez nau konbentzitzen.