argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Deseraikitzen
Ula Iruretagoiena 2022ko azaroaren 30

Azaroak hitzaldi eta jardunaldiz blai utzi gaitu. Hiria eta arkitektura gaiak jo dutenetan, energia eta orotariko baliabide materialen kontsumoaren gaineko ardura agertu dute, bizi ditugun hilabeteen sintonia bat bezala, zirrikitu guztietan presente dagoena. Audientzia ikusita batzuetan ematen du badagoela eraldaketarako oinarriren bat mugitzen eta besteetan ezetz, zuzentasuneko hitz hutsak direla edota kapitalaren trikimailu bat batzuk gehiago pobretzeko gutxi batzuen poltsikoaren mesedetan.

Aretoan eskua altxatu du norbaitek eta galdera bota du: posible al da eraikin bat jasangarri izatea? Harrigarria bada ere, informazio gutxi daukagu ezer esateko, eta edonola ere, erantzuna azalpenez eta ñabarduraz josita legoke. Orain arte bi lan ildo nagusitu dira: arotzeria eta energia berriztagarrien teknologia hobetzen eta bioklimatikako diseinuko teknika pasiboak eraikinetan txertatzen. Ematen du eraikuntza-ikerketaren hurrengo urratsa izango dela, eraikuntza-materialen “trazabilitatea” egitea, hots, material bakoitzaren produkzio, garraio eta eraikuntzak sortzen dituen CO2 isurketa eta aztarna-ekologikoa zenbatzea, eta zehaztea zein eragina duen gure osasunean material bat arnastu, ukitu eta inguruan dugunean. Eta garrantzitsuena: bildutako informazioa komunikatu. Zigarro paketean osasun-ondorioak ageri diren bezala, sintetikoa den material baten ondorio-katea ikusgarri egitea funtsezkoa da balorazio bat egiteko.

Eraikin jasangarriaren errezeta itxi bat eskuratze aldera, batzuetan sinplifikazio zakarretara iritsi gara, adibidez, egurrez eraikitzea jasangarria dela esateraino. Aguakatea elikagai jasangarria dela baieztatzea bezalakoxea. Nola, nondik eta abar luzea aztertu behar erantzuteko. Baina ziurtasuneko erantzun bat behar bada, hemen bat: itsas labarrean eraikitzea ez da sekula jasangarria izango –ez eraikitzea erantzunik jasangarriena da– eta toki baten eraikuntza-material eta material-ezagutzaren maparekin lortu dezakegu bide posible bat egitea.