argia.eus
INPRIMATU
Etena
Maddi Galdos Areta 2022ko azaroaren 30
Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak- | Angel Erro | Erein, 2022

Naufragioaren aztarnategi edo porrot egindako proiektuen nolabaiteko antologia ei dugu Angel Errok (Burlata, 1978) argitaratu berri duen olerki bilduma. Izenburua bera atentzioa emateko modukoa da: Poema liburu bat –irakurtzeko jarraibideak– (Erein, 2022). Liburua amaituta irakurtzeari buruzko galderak geratuko zaizkio irakurleari, jarraibideok ez baitute zehazten, besteak beste, azaleko irudiari beha igaro beharreko denbora, zein isilean leitzea aski den edo ozenki egin behar den nahitaez. Ekina omen ikasteko bide, ordea, eta poemok eskaintzen dute, beraz, trebatzeko aukera.

41 olerki bildu ditu burlatarrak bere ibilbideko hirugarrena den poema-bilduma honetan. Hertsiki gidaliburu ez dugun arren, poesia eta literaturarako gonbita dira orriok: esplizituki ere aurkeztu eta hezurmamitzen dira forma eta baliabide literarioak, bestelako arte adierazpideak hurbiltzen dira hitzetara, eta birformulatzearen eta berrinterpretatzearen xendrak arakatzen dira, tartean, dagoeneko urruneko diren leku eta denborekiko distantziak laburtuta. Poesiak eskaintzen duen eten edo uneari eutsi eta amore ez ematea proposatzen da, finean, urrats saihetsezin bakartzat.

Beste gai batzuk ere badakarzkigu liburuak: tartean, ugariak dira maitasuna erdigune duten poemak. Poeten bekatu nekagarria omen den bigarren pertsonaren erabileraz eta “maitea” deiturikoari zuzendutakoez gain badira maitasunaren beraren inguruan hausnarrarazten duten lerroak, besteak beste, Gure maitasuna poeman. Halaber, nabarmentzekoak dira amari zuzendutakoak. Maitasuna lotu egiten zaio olerkiotan minari, baita dolu, hastio, oroimen eta ahanzturari ere: “Ama, egunero egiten ditut gauzak / hilda egon ez zaitezen (…) / eta sekretuki hastio dut / bizitzaz gelditzen zaidana”. Horien artean Oinazearen bariazioak poema dugu aipagarri, gogorra dena eder adierazteko idazketa poetikoak eskaintzen dituen aukeren isla baita.

Segidan irakur daitezke, hasi eta buka, 41 olerkiok. Hala ere, bildumak ez du, ezinbestean, halako irakurketarik galdegiten: hari bakarraren ezean, joan etorrika leitu daiteke, irakurleak nahieran, errepika, erritmo eta errituari men egin eta norberaren naufragioetan ere sosegua topatzeko saiakeran.