Europako hego-mendebaldea, duela 41.000 urte. Kobazuloetako hormetan, gizakiak eskuak margotzen hasi ziren. Goi Paleolitoan hasi eta Neolitora arte jarraituko zuten adierazpen artistiko horrekin, eta ez soilik eremu horretan; Indonesian eta Patagonian ere, esaterako, Paleolitoko eskuak topatu dituzte. Beraz, milaka urtetan eta mundu osoan, elkarrekin inongo harremanik ez zeukaten komunitateek artelan oso antzekoak egin zituzten.
Gainera, denetan margotu zituzten esku positiboak eta negatiboak. Positiboak egiteko, eskuak pigmentuz estali eta horman jartzen zituzten; gero, inperfekzioak eta hutsuneak betetzeko, azken ukituak ematen zizkieten. Esku negatiboetarako, pigmentuak ahoan jaso, eskua horman jarri eta putz egiten zuten, zuzenean edo kanaberazko tutuak erabiliz. Hala, eskuaren silueta horman markatuta geratzen zen.
Adituek garbi dute zer teknika erabiltzen zuten, eta eskuak pentsamendu abstraktuaren sorrerarekin lotuta daudela, esanahi sinbolikoa zutela. Baina zer esan nahi zuten? Zergatik margotzen zituzten? Galdera hauek hipotesi asko piztu, baina erantzun gutxi lortu dute.
Pennsylvaniako unibertsitateko Dean Snow arkeologoak uste du esku horiek emakumezkoenak zirela, eta gizonak ehizara joaten zirenean, emakumeek erritual modura margotzen zituztela, ehiza oparoa izan zedin. Baina teoria honek hutsune nabarmena dauka: berriki jakin dugu emakumeak ere ehizan aritzen zirela. Beste aditu batzuek diote, eskuak benetan emakumeenak badira –hori ere ez baitago frogatzerik–, agian komunitatearen formakuntza haien eskura zegoelako margotzen zituztela, alegia, funtzio didaktikoa zutela.
Eskuen beste ezaugarri bat esanguratsua da: esku askori zenbait hatz edo falange falta zaizkie. 1922an G. H. Luquet arkeologoak esan zuen ez zituztela benetako mutilazioak irudikatzen, horrelako mutilazioak dituzten eskeletorik ez baita aurkitu. 1960ko hamarkadan, A. Leroi-Gourhan historialari ezagunak hipotesi horrekin bat egin zuen, eta esku “mutilatuak” zeinu hizkuntza baten adierazpena izan zitekeela iradoki zuen. Esku horiek zenbatzeko erabiltzen zituztela eta, beraz, esku mutilatuak zenbakiak direla uste dutenak ere badira. Baina 2018an Journal of Paleolithic Archeology aldizkarian argitaratutako ikerlan batek dio hatzak mutilatzea sakrifizio praktika ohikoa zela eta ez zaiela beste esanahirik bilatu behar.
Zati batek osotasuna adierazten du eta, beraz, eskuak gizakiaren gorputz guztia irudikatuko luke
Mundu osoko esku sorta horietan, gehienak ezkerreko eskuak dira. Pirinioetako Gargas kobazuloan, esaterako, ondo bereiz daitezkeen 150 eskuetatik 124 ezkerrekoak dira. Zenbaiten ustez, eskuineko eskuak lana sinbolizatuko luke eta ezkerrekoak, aldiz, espiritualtasuna. Baina bada beste azalpen praktikoago bat: eskuineko eskuaz margotzen baduzu, eredu bezala ezkerrekoa erabiltzea da logikoena.
UNEDeko irakasle Ángel Rivera eta Mario Menéndezek esanahi orokorra behintzat ematen diete eskuoi: zati batek osotasuna adierazten du eta, beraz, eskuak gizakiaren gorputz guztia irudikatuko luke. Margolariak bere izatearen aztarna utziko zukeen eskuaren bidez, sinadura moduko bat.
2016an, Europar Batasunak HandPas proiektua bultzatu zuen eskuen misterioa argitze aldera, eta nazioarteko zein diziplinarteko lantalde bat aritu da hainbat kontu ikertzen. Eskuak Cromagnonen lana dira soilik ala Neanderthalekin harremanetan sortu zuten arte adierazpen hori? Eskuak espirituekin lotzeko erabiltzen zituzten? Pineroloko (Turin, Italia) Historiaurreko Arte Museoko zuzendari Dario Segliek dio ezin dugula erantzunik espero: “Iraganeko esku horiek mutuak dira, ezin diegu hitz egin arazi”.
Eta, hala ere, gaur egun, munduko txoko askotan, haurrak arte plastikoaren bidez adierazten hasten direnean, eskuak pinturaz zikindu eta gainazal batean markatzen dituzte, edota esku negatiboak egiten dituzte, adibidez, arkatzez silueta marraztuta. Hau da, 40.000 urte geroago, eskuak gizakiaren adierazpen artistiko oinarrizkoenetakoa dira oraindik.