argia.eus
INPRIMATU
Anna Bolena xarmagarria
Montserrat Auzmendi del Solar 2022ko azaroaren 30a
Argazkia: E. Moreno Esquibel

OLBE-k antolatutako Donizettiren Anna Bolena opera. Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Jordi Bernacer. Bilboko Opera Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Bakarlariak: Joyce El-Khoury (sopranoa), Silvia Tro Santafé (mezzoa), Marko Mimica (baxua), Celso Albelo (tenorea), Anna Tobella (mezzoa), José Manuel Díaz (baritonoa). Eszena zuzendaria: Stefano Mazzonis di Pralafera. Eszenografia: Gary McCann. Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: azaroaren 19a.

 

Donizettiren Anna Bolena opera handi, arranditsu eta ahots zailtasunez beteriko horietako bat da. Hau da, handikiro gozatzeko opera bat. Eta OLBEk ekarri digun ekoizpena partituraren eta libretoaren bertute guztiei etekina ateratzen dieten horietakoa izan da. Hau da, pelikula bat balitz, krispetekin hasi eta eserlekutik mugitzen ez garen horietakoa izango litzateke, ezta begiak kliskatu ere.

Ikusleek oso ondo pasatu zuten. Eta ez da harritzekoa. Henrike VIII.a erregearen abentura bitxiek eta ezkontza-esperientzia dohakabe eta kriminalek entzuleen morboa pizten dute beti. Eta Anna Bolena gaixoaren kasua benetan berezia izan zen.

Baina hemen musikaz hitz egingo dugu. Eta, ikuspegi artistikotik, eskainitako ikuskizuna bikaina izan zen. Izan genuen Anna Bolenak benetako filigranak egin zituen bere ahotsarekin. Joyce El-Khoury sopranoak, libanoar jatorrikoa, malgutasun, sentsibilitate, potentzia eta distira lezioak eman zituen bere tinbrean. Va infelice azken arian bereziki liluratuta utzi gintuen, bere kantuan ñabardura bikainak erakutsiz.

Baina uste dut Silvia Tro Santafé mezzo valentziarra ez zela atzean geratu. Bikain eta segurtasunez jokatu zuen Jane Seymourren papera, ñabardura askoko rola, non interpretatzeko talentu handia erakutsi zuen.

Bestalde, Marko Mimica baxu kroaziarrak Henrike VIII.a sinesgarri eta ahots-sakontasun handikoa egin bazuen ere, ez dut uste oker nabilenik esaten badut saioaren gizonezko ahotsen artean, Celso Albelo tenorearena nabarmendu zela bereziki, Percyren rolean. Teknika ezin hobea erabiliz, erregistro agudo seguru eta garbia erakutsi zuen une oro, entzuteko zoragarria. Une bikainak izan zituen, baina azpimarratuko nuke Vivi tu... Nel veder la tua costanza aria, segurtasun harrigarriarekin kantatuta.

Bestalde, eszenografia xehetasunez zainduta egon zen. Azkenaldian egiten diren muntaketa minimalistetatik urrun, Anna Bolena honek hedapen eszeniko nabarmena izan zuen Gary McCannen lan bikainari esker.

Eta, amaitzeko, bai Bilbao Orkestra Sinfonikoaren lanak, Jordi Bernacerren gidaritza delikatu eta zorrotzarekin, bai Bilboko Opera Abesbatzaren aktuazioak, soila eta ongi enpastatua, lagundu zuten opera saio hau gogoratzeko saio bat izan zedin.