argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Aspaldiko partez
Uxue Apaolaza Larrea 2022ko azaroaren 22a

Lentejuelazko soineko arrosa bat daramat motxilan, paperezko poltsa zimurtu batean. Tribunaleko metro ahotik irten eta erakusleihoan ikusi dudana (probatu eta dantza gogoa jarri dit) Fuencarral kaleko jende andanari batu aurretik.
Pérez Galdosen Recuerdos y memorias (gainera, ataletako bat  Recuerdos de Madrid sorta da; gaur nik erosteko idatzi zuen), Elisenda Juliberten Hombres fatales eta, umearentzat, Diccionario por imágenes del mar. Moyanoko aldapatik daramatzat, horiek eta hainbat elkarrizketa-zatiren heldulekua, hainbat irribarre konplizeren fereka. Abaniko arrosa bat ere badaramat umearentzat, Rastroan erosia.

Metroko 10 bidaiako bonoa, gastatu gabe: berriro urteak pasa aurretik itzultzeko promesa bat. Gran Víako banku batean jandako pizzatik sobratutako zati bat (ez zegoen lekurik Luna Plazaren ondoan nik nahi nuen txinatarrean). Oraintxe jango dudana treneko kafetegian. Madrilgo zeruaren argia. Nire memoriarik gabeko ehundaka begiradaren kilimak begietan.

Goiz bat pasa dut Madrilen, zereginetik zereginera sortu den hiruzpalau orduko soilgune bat. Memoria luzedun etxera bidean noa trenez, hiru ordu ditut oraindik, bakarka, irakurtzeko.

Aspaldiko partez, ni dirudit berriro.