argia.eus
INPRIMATU
Kezko maiteak
Castillo Suárez @casti_suarez 2022ko azaroaren 22a

Batzuetan nahi ez duzun tokian bukatzen duzu jada maite ez zaituen batekin. Nik Cristina Rosenvingeren kontzertu batean bukatu nuen lehengoan. Ez naiz akordatzen kanta bakar batekin ere, baina bai kanten artean Rosenvingek esaten zuenaz. Deserriaz hitz egin zuen, nola bere bi guraso daniarrak ezkontza bidaian joan ziren Espainiara, eta autoa izorratu eta bertan geratu ziren. Berak ez dakiela danieraz hizketan, eta nola saiatzen zen aita azentua ezabatzen kanpokoa zela jakin ez zedin eta, nola amak, berriz, danieraren arrastoa mantendu zuen betiko. Aitak ez zuen inoiz kontzertu batean ikusi. Ama joaten zen aukera zuenean jarrita egoteko. Bere aitari buruzko aipamenak egin zituen beretako ezezagun bat zena guri aurkeztu nahi izan baligu bezala. Kontatu zigun Federico García Lorcaren poemen bidez ikasi zuela ingeniari daniar hark gaztelaniaz. Zer pentsatua eman zidan. Lan berri bat hasten dugunean beti behar da pizgarri bat, detonagailu bat, akuilu bat. Eta nago askotan dela guretako ezezaguna den zerbait deskubritu nahi izatea. Maite izan genuen norbait, ezabatu nahi izan duguna kezko bilakatu arte, baina azalarazten ari garen heinean geure burua agertzen duena.