argia.eus
INPRIMATU
Zintzo izatearen fantasia
Xalba Ramirez @xalbaram 2022ko azaroaren 20a
Fantasia | EƱaut Elorrieta | Elkar, 2022

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor Eneko, Olatz eta Idoia, hor Miren, hor Aretika eta Amets... Zergatik etorri da hainbeste jende?

Dokumentala ez ezik, Eñautek bere azken diskoaren entzunaldia antolatu zuen, bere gertuko lagunekin: “Uxue eta bion ezkontzan, edo hiletan, jende antzekoa egongo litzake”, dio Eñautek. Ba ezkontzako lagunak, eta ni, hor jarri ginen, kanten titulua besterik jartzen ez zuen pantaila beltzaren aurrean eserita, Fantasia lan berria entzuten. Eta, aizu, eskerrak. Lehen kantetan nuen sustoa apur bat kenduta, ohartu nintzen zinema areto bat ze aproposa den musika entzuteko. Inongo distrakziorik gabe, Dolby Surround –edo dena delako teknologiarekin– frekuentziak igo eta jaisten zaizkizu tinpanotik burmuinaren muinera.

Aitor Etxebarriarekin bi urtez aritu da kantak ontzen Eñaut; batek zirriborroa bidali, eta besteak egitura zirrimarratu. Pop kantek eduki dezaketen ohiko norabideari bestelako bidezidorrak topatu dizkio Etxebarriak. Hau da, baxu eta gitarra elektriko eta baterien ordez, minimalismoa eta ukitu zinematografikoa emanez, sokekin eta pianoarekin. Txastona kanta bakar batean entzuten da, adibidez, solo baten barruan.

Espazio horrek guztiak diskoari, eta bere entzunaldi pausatuari, mesede egiten dio. Batetik bestera zoaz Xabi Zeberiok prestatutako soka konponketa ederrei esker. Abestiak banan-banan hartuta, ordea, ez zenuke norabide berri bat antzemango. Izan ere, inoiz egiten ausartu ez dena egiteko Fantasia izena baliatu duen arren, inoiz baino Eñautagoa da lan hau, Etxebarriak dioenez.

Esna kanta eta Fantasia kantek gordetzen dute lanaren esentzia hori, esango nuke, eta Euri herria-k aurreko lanekin lotura egiten du, molde berean. Bidasoa aldentzen da gehien, eta diskoari zilegitasun zigilua jartzen dio, Lekeitio baten moduan, gaurko Gernikak Bidasoa eta mugen politika ankerrak direla oroitzeko.

Gure nerabezaroko pop izar hura jende guztiaren aurrean horren hauskor eta zaurgarri agertu izanak erakusten du irudiaren atzean badela zerbait. Uxue Alberdi idazle eta bikotekideari eskerrak malkoz bustita emateak, lotsa-lotsa eginda, hor, bere 200 lagunen ondoan, badu zerbait zilegitasunetik. Uste dut hori dela Fantasia: autentiko eta zintzo kantatzeko pasioz bizi den artistaren bidea.

P.D.: Sorkuntza prozesua jasotzen duen Arriguriren dokumentaltxoak Aitorren eta Eñauten arteko lan harremana erakusten digu. Zoragarri erakutsi ere.