Beste behin ere, astea berandu hasi dut, aurrekoaren zipriztinez beteta, eta asteburua izan denik ohartu gabe. Amatasunari buruzko jardunaldi batzuetan izan naiz, eta orduko hitzak dira daramadan zipriztin arinena. Edo ez. Entregatu gabeko lanak, umearen arropa, prestatuta behar luketen klaseak, berandu umearen bila gurasoen etxera, argia piztu gabe jantzi, poltsan ezkutatu behar izan duzun txaketa (orban erakusketa bat dirudielako), motots batean ezkutatu dituzun soilguneak, mina sorbaldaren eta lepoaren artean, pentsatu gabe mugitzea… pentsatzeko denborarik ez edukitzea, izateko denbora.
Denboraren erabilerari buruzkoei erreparatuta, emakume eta langile konbinazioak ez du arnasa hartzeko tarte handirik uzten, bikote heterosexual (matxista) bateko umearen ama gehitzen badiogu… Ez zaizkit kontuak ateratzen. Entzun duzue inoiz zurrumurru hori? Ziur baietz, guraso batzuek umeak eskolara eramaten dituzte gaixo egonik ere, guraso txar-txar batzuek. Izan ere, ez dago mundu honetan ezinezko gauzak egitea baino zailagorik. Eta umeen ongizatea zure esku dago. Ume horren eskubideen bermatzaile ia bakarra zara. Ahalegindu zerbait gehiago izaten. Librea zara.
Baina zer gertatzen da denbora kentzen badizute? Edo, zenbat irauten du, gutxi gorabehera, bizitza batek? Zenbat utzi didazue niretzat? Bada bizitzarik, denborarik gabe? Denbora libre duinaren banaketa justu baterako, zer gehiago banatu behar da? Iraultza zer da?