Azaroaren 8a, munduak Hirigintza ospatzen duen eguna da. Ez da batere egun entzutetsua, ez da kaleetan egunaren oihartzunik izaten. Ze egia esan, ez dakit hirigintzak ezer duenik ospatzeko. Efemerediak dio plangintza eta komunitate urbanoa ingurune gertuarekin modu jasangarrian bizi dadin sustatzeko eguna dela. Hiri handi edo megapolisak sustatu ditu kapitalismoak, bizigarritasunaren ideia jakin bat bultzatuz eta hirigintza eta lurralde plangintzaren tresnekin eraiki da ideia hori; hirigintza giza-politiken eskua dela esan dezakegu, edo helburu nekropolitikoen borrero.
Hirigintzak, lurzoru zati bakoitzean onargarria den aktibitatea antolatzen eta arautzen du: hemen landatu daiteke, hemen etxeak eraiki daitezke. Lurraren erabilgarritasuna pentsatzeko unean, gizaki (batzuen) bizimodua hobetzea eta ekonomia arauak gailendu dira. Ekuazio honetan de facto ez dagoena, bestelako izaki bizidunekin elkarbizitza sortzea da. Animaliak izuturik bizi dira hirien inguruetan eta landa lurretan intsektuak desagerrarazi ditugu. Zenbait lurretan animalia batzuk babesten ditugu gainontzeko lurretan etikoki lasaiago suntsitu ahal izateko. Baina geroz eta frogagiri gehiago ditugu esateko gizakien hainbat gaixotasunek biodibertsitate gutxiko bizitegiak sortzearekin harremana dutela, eta hirien hormigoi-azalera zabalak pobre dira gizakiaz besteko bizia hazten. Horregatik baieztatu daiteke praktikatu dugun hirigintza nekrohirigintza dela.
Nahastu gara: gizakiaren bizimodua egokia izateko animaliak eta organismoak gure bizitokietatik kanporatu ditugu, babestuko gintuen garbitasunaren neurria galduta, eta bizitoki antzuek gizakia bera jaurtiko dute azkenean (gorputz ahulenak lehendabizi). Entseatu dugun hirigintzak eman digun emaitza ikusita, agian gizakia kanpo uzten duten lur zatiak sortu beharko genituzke, hirigintzarik gabeko eremuak, natura bere kasara eta gure laguntzarik gabe libre bizitzen uzteko. Baliteke hauek izatea elkarbizitzaz ikasteko irlak.