Seme-alabek saskibaloi partida ia guztiak galtzen zituzten, eta irabazi izan balute bezala ospatzeko ohitura genuen; batek egindako pasea, besteak lorturiko hirukoa...
Politikan zailago ematen du. Odon Elorzak, alkategaitzarako primarioetan galdu eta gero, aparatuaren jokaera salatu du alderdiaren etika eta berme batzordearen aurrean; Donald Trumpek iruzurraren susmoa bultzatu zuen; eta Bolsonaroren jarraitzaileek antzeko estrategia erabili nahi izan dute, horrek mantendutako isiltasunak xaxatuta.
Hurbilago, ohiko jarrera da herri-mugimendu eta erakunde batzuetan ere. Asanbladan edo erabaki-guneetan galdutako proposamena behin eta berriro eztabaidetara eraman, taldeak finkaturiko prozedura interesatzen zaionean erabili edo, bestela, aldatzeko eskatu...
Jokaera hauek generoa dute. Ez da kasualitatea. Emakumeak hezitu gaituzte porrota edo frustrazioa bideratzeko. Hala ere, gogaituta amore ematen duten edo bidean geratzen diren emakume politikariengan jokaera horrek duen eraginaren azterketa egiteke dago. Emakumeak zerrendetako lehenengo lerroetan jartzea ez da nahikoa, gizonezkoek galtzen ikasten ez badute.