Immigrazio masiboaren eta ondorengo erregularizazioaren ondorioz, lan baldintzak galtzeko prest ez dauden langileen lekua hartzen dute, etsita, edozein lan ontzat jotzen duten immigranteek. Horrek Europako identitatea eta lorpen sozial eta laboralak suntsituko ditu”. Mafiek dakarten immigrazioak, hain zuzen ere.
Hemengo langileen eskubideen defentsa bat da, itxuraz. Entzun dugu, eta entzuten ari gara kezka hori. Kezka horrek libratzen omen du ezkertiarra arrazista izatetik. Baina argi genuen, kapitalismoan, batzuen aberastasuna besteen pobreziaren kontura eratzen zela, pilatzen zela, ez? Berdin esan daiteke besteon eskubideak ere, agian, pobrezia batzuei esker lortu direla. Izan ere, batzuetan, gure eskubideak ez dira, aberatsei beren irabaziak murriztu gabe, bake sozialaren irabaziak gehituta, aberastasun horren apurtxoak baino. Alegia, gure lan eskubide kaxkarrak ez ditu pobreak erabakitzen, aberastasuna banatu nahi ez duen boteretsuak baino. Baina ari gara apur horiengatik borrokan. Are gehiago orain eskubideak eta kontsumo gaitasuna nahastu zaizkigun honetan. Kontsumo mota horrek sortzen dituen drama guztiekin.
Vox ultraeskuindarra da (hitz politez esanda). Voxek sindikatu bat du. Sindikatuaren izena Solidaridad da, eta langileen eskubideak defendatzeko itxura egiten du. Goiko hori esan zuten auzitegi gorenean atzerritarren legearen aldaketaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zutenean.
Inoiz ez da ideia ona norbere eskubideak defendatzeko, norbere aberastasuntxoaren biktima egin denari hortzak erakustea. “Italiak ez die utziko atzerriko GKE-ei etorkinak porturatzen”. Azkenean, bakoitza non itoko den erabakitzen amai dezakegu. Edo itoko dena beste pobrea izan dadila aldarrikatzen.