argia.eus
INPRIMATU
Marienia ez hunki!
Eneko Gorri Gantier 2022ko azaroaren 02a

Astekari huntan idazten nuen azken zutabea, duela urte bete izan zen. Lurrama laborantza herrikoiaren besta Arbonako lur okupatuetan iragan berri zen. Urkoidarren mobilizazioari esker, higiezin konpainia handi batek etxebizitza programa handi bati uko egiten zion. Eta Alda elkartearen mikro-okupazioen ondorioz, Airbnb multinazionalak legez kontrako hainbat egoera erregularizatu zituen.

Lerro hauek idazten ari naizenean, Kanboko (Lapurdi) Marienia pentzearen okupazioa bukatu berri da. Hiru egun eta hiru gauez, ehunka pertsona mobilizatu dira 3,5 hektareako lurren defentsan. Kalitatezko laborantza lur hauetan, Bouygues enpresak etxe multzo bat eraiki nahi du, beste behin lurren artifizializazioa eraginez eta laborantza lurrak desbideratuz. Gure agintarittoek segitzen dute gehiengo baten kalterako, gutti batzuen interes ekonomikoei men egiten.

Tamalez, azken hilabeteetako aktualitateak erakutsi digu Kanbokoa ez dela kasu isolatua. Azkarate, Lekarroz, Angelu, Irisarri, Maule, Jaizkibel, Senpere, Baiona… Urtero laborantzak ehunka hektarea lur galtzen ditu betirako, eta aldi berean etxebizitzaren garestitzeak ikaragarriko heina gainditu du. Logika kapitalista eta espekulatibo horrek estutasuna eta ezinegona sortzen ditu ipar Euskal Herriko biztanleriaren parte handi batean. Alta, lurraren alde mobilizatzerako orduan, betikoak dira barrikadetan.

Horrek erran nahi ote du deus ez dela aitzinatzen? Azken hilabeteetan deus ez dela lortua izan? Okupazio hauen eragina mediatikoa dela bakarrik? Parean dugun sistema sendoa da; eta tresna guziak alde ditu: legeak, hautetsiak, arauak, pentze jabeak… Baina Arbonaz geroztik, zerbait pasa da. Hori erratea ez da baikortasun inozo batean erortzea. 120 eguneko okupazioak mezu argia bidali die espekulatzaileei. Jende hori aberasten da moralarik ez duelako, epe luzera begira ari direlako eta kalkulatzaileak direlako. Biziki jende pragmatikoa da: haien inbertsioak etekinak atera behar ditu; eta ekuazioan sartzen baldin bada ados ez den jende baten mobilizazioa (okupazioaren forma har dezakeena), gibelera egin dezakete. Hori pasa da Arbonan, bi eroslek gibel egin baitute.  

Aniztasun ederra bada borroka horietan: laborari, hiritar gazte, langile prekario, erretretadun uros, militante esperimentatu edota arazoaz kezkatutako herritar xumeak. Ez gira beti ados, baina aitzina goaz. Gauzak diren bezala erran behar dira: espekulazioaren kontrako bataila ez da irabazia, baina herri mobilizazioei esker, urratsak ematen ari gira.