argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Ikusezinak
Ula Iruretagoiena 2022ko azaroaren 02a

Arkitektura modernoan X izpien aurkikuntzak eragin handia izan zuen, kontatu du Beatriz Colomina arkitekto eta Princeton-eko akademikoak Donostiako Tabakalerara berriki egin duen bisitaldian. Medikuntza eta arkitekturaren arteko lotura agertzen du kontakizun konkretu honek, betidanik oso gertu izan direlako, medikuntzak espazioen bizigarritasunerako egindako eskakizunak –aireztapena, argitasun naturala– diseinuaren garapenean gako izan baitira. X izpiak lehenengoz gizarteratu zirenean, teknologia berriak lortzen zuen irudia, hezurdura eta hezurren inguruko orban lainotsu misteriotsuak osatua, erakargarri suertatu zen garaiko gizartearentzat eta bere erabilera orokortu egin zen, edonon egin zenezakeen zure eskuaren erradiografia bat, egun argazki bat egiten dugun tankeran –aurrerago jakin zen X izpiek sortu dezaketen kaltea gorputzean–.

X izpiek sortu zuten gorputzaren erakusketa erradikalak lilura kontzeptualagoa ekarri zuen arkitekturara. Teknologiaren bitartez, ordura arte intimo, ikusezin eta oso pribatu ziren gorputz barneko organoak publiko bilakatu ziren. Eraikinak pribatutasunaren eremua defendatzeko gailuak izan direnez, eraikinaren barnealdea denon begietara jartzeko aukera iraultza handia zen. Eraikinak, gardenak ziren paretekin, X izpien efektua lortzeko grinarekin hasi ziren planteatzen. Barnealdera begiratzeko desioa lehertu zen, den-dena besteen begietara erakusteraino. Eta orduantxe eraiki ziren historiako lehen “etxe gardenak”, intimoaren erretratu gisara. Etxearen barnealdea arrotzaren bistara irekita azaltzen zen, erradiografia bat imitatuz. Bestelako eraikinetan, hezurdura eta azalaren metafora erabiltzen hasi ziren, barnealdea kanpoaldearen parte eginaz.

Zientziak frogaren ikusgaitasuna babestu eta gure pentsamendua zientziaren logosak antolatzen duen bitartean, ikusezinak misterio handia piztuko du eta ikusezinak ikusgarriaren dimentsioa hartzean iraulketa sortzen jarraituko du.