argia.eus
INPRIMATU
Basquechefen huskeriak
Ahoztar Zelaieta @Ahoztar1972 2022ko azaroaren 02a

Duela hiru urte, Espainiako Ogasunaren eskariz egindako erregistro judizial batek izu bolada sortu zuen euskal oasiaren ostalari ospetsu batzuen artean. Jatetxeen diru-sarrerak ezkutatzeko eta fakturazio bikoitza burutzeko softwarea azalerazi zuen ikerketak. Zerga Administrazioko Estatu Agentziak Getaria, Hondarribia, Pasaia, Bermeo eta Ondarroako portuetako arrain-lonjetan egindako ikuskapen batean laguntzeko eskatu zien Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-ogasunei.

Ikuskatzaileek dokumentazioa arakatu zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetako 21 lonjatan. Ikuskaritzaren txostenaren arabera, sektore honetan "B" zirkuitua dagoela egiaztatu da, armadoreetan hasi eta enkantegileetatik, handizkarietatik eta txikizkarietatik igaro ondoren, jatetxeetara iristen dena; eta, azkenik, kontsumitzailearengana.

Jatetxeen
diru-sarrerak ezkutatzeko eta fakturazio bikoitza burutzeko
softwarea azalerazi zuen ikerketak

Ikuskapenak tamaña handiko zerga iruzurra detektatu zuen, salmentak ezkutatzeko software espezifiko bat erabiliz eta eskudiruzko kobrantzen bolumen handiak lagunduta. Iruzur fiskala burutzeko software bereziaren afera epaitegietan ere ikertu da. Hau guztia isilpean gordetzeko ahaleginetan dabiltza sukaldari saridun batzuk, kargu publiko batzuen babesarekin eta kazetari batzuen autozentsurarekin.

Aldi berean, beste isiltasun ozen bat jaso da euskal sukaldaritzan, goi sukaldaritzako bekadunen edo stagierren lan-baldintzen inguruan. Gehienak kontraturik gabe lan egiten duten pertsonak dira, kasu batzuetan jatetxeetako sotoetan baldintza penagarrietan ostatu hartuta daude.

2017. eta 2020. urteen artean, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek hainbat kontratu esleitu zizkioten Masterchef programaren ekoizleari, turismoaren sustapenerako eta lankidetzak bultzatzeko. Repsol Soles 2021eko gastronomiarik onena saritzeko ekitaldia Victoria Eugenia Antzokian burutu zen, Eusko Jaurlaritzaren eta Repsolen arteko hitzarmen baten baitan. Basquetourrek 180.000 euroko lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Repsolekin, Masterchef lehiaketaren finalean Turismo kontseilaria probako epaile izendatzeko. Finala Chillida Lekun jokatu zen. Finalaren aurretik, Eventia 2000 enpresak ordainsaria jaso zuen sukaldaritza ekitaldi bat burutzeko. Pedro Altamiraren enpresaz ari gara, Ertzaintzaren UTAPeko zuzendari izandakoa, Sabino Arrieta sailburuorde zen garaian hain zuzen. Sabino Arrietak, enpresari bilakatu dena, laguntza teknikoa eman zion MasterChef Eskola sortzeari 2013an.

Bitartean, hain goraipatua den euskal oasiaren sukaldaritzaren arrastorik ez eskola-jantokietan. Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz catering kartelaren alde egiten du.