argia.eus
INPRIMATU
Euskara, politika, zientzia eta fabulazioa
Karmelo Landa 2022ko urriaren 26a

Zientziari begiratzen diogu gizakiok gure errealitatea, edozein arlotan, zehatz ezagutu eta arazoei modu eraginkorrean aurre egiteko premia dugunean. Horrela izan da gizateriaren historian, eta horrela izan beharko luke gaur egun. Baina maiz gertatzen da zientziaren aplikazioa eta hortik datozen ondorioak ilundu eta baztertu ere egiten dituztela botere desberdinetatik, beraien komenientziak beste bide batetik doazelakoan. Era horretako kasuetan, zientzia makurrarazi eta, haren ondorio argi eta zehatzen tokian, fabulazio antizientifikoak lehenesten eta inposatzen dizkigute. Bada, horixe ari zaigu gertatzen. Zientzia aplikatuak, hau da, soziolinguistika zientifikoak baieztapen zehatzak eskaintzen dituenean, botere desberdinetatik “soziolinguistika politikoa” delakoa asmatzen dute eta euskararen egoeraz eta etorkizunaz fabulak eskaintzen dizkigute.

Euskararen Historia liburua argitara eman zuen, duela lau urte, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika sailak, hainbat adituren lanek osatua eta, beraz, zientziaren eremuan kokatzeko asmoa zuena. Baina ondorioen atalean hau idatzi zuen aditu horietako batek: “Esan daiteke, inoiz ez bezala, oraingo belaunaldien esku dagoela hizkuntzaren etorkizuna: nahi badute, erabiliko dute”. Baieztapen hori erabat faltsua da zientziaren ikuspegitik, Jaurlaritzari mesedegarri bazaio ere, haren Hizkuntza Politikaren emaitzak makilatu eta edertu egiten dituelakoan. Soziolinguistika zientifikoak argi utzi baitu euskararen etorkizuna faktore konplexu eta indartsuen mende dagoela, baina ez, hain zuzen ere, euskal hiztunen esku, besterik gabe. Euskal hiztunok euskara erabili nahi arren, ezin izaten dugu erabili kasu gehienetan, orain eta hemen erabileraren aurkako faktore erabakigarriak daudelako, euskararen erabilera librea trabatzen digutenak.

Nazionalismo linguistiko zapaltzailearen ideologia da 'elebitasuna' deitua, euskara ordezkatzeko amarru hutsa

Baina zein da, bada, euskararen egoera orain eta hemen? Zer dio soziolinguistika zientifikoak? Euskararen estatusa eta erabilera aztertuz, elebitasuna deitzen den estatus arautua fabula hutsa dela, eta ez adierazpen zientifikoa, erdara (izan espainiera, izan frantsesa) eta euskara ez daudelako pareko egoera orekatuan, legez eta erabileraz euskara mende hartzen baitute erdara biek. Derrigorrezko diren bakarrak erdarak baitira Euskal Herrian, eta ez euskara. Nazionalismo linguistiko zapaltzailearen ideologia da elebitasuna deitua, euskara ordezkatzeko amarru hutsa.

Okerrena da, euskal  politikagintzaren  eremuan bertan, ideologia hori bereganatu egin dutela alderdi abertzale deituek, eta “eleaniztasunaz” zein “kultura pluraltasunaz” mintzo dira barra-barra, azterketa zientifikoaren ordez fabulazioa besarkatuz. Bitartean, indarrean den hizkuntza politika autonomiko horrek, “elebitasun” horren bitartez gizarte osoa erdalduntzea errazten du, eta euskaldun sentitzen ez diren belaunaldi berriak elikatzen ditu. Sistema espainiarraren eta frantziarraren mesedetan, espainiera eta frantsesa hizkuntza “natural” bihurtzen ditu gazteen artean.

Zientziak oso bestelako alternatibak markatzen dizkigu. Bizi dugun egoeran irauli egin behar dugu euskararen egoera soziala. Eremu euskaldunetan euskara bihurtu behar dugu hizkuntza nagusi, horretarako behar den guztia eginez. Euskal polisistema nagusi bihurtu, horretarako erdarak desikasi behar baditugu ere. Zientzia euskaldunon alde jarri nahi badugu, behintzat, oso bestelako Hizkuntza Politika zientifikoa behar dugu gurean.