argia.eus
INPRIMATU
Zaharrak
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2022ko urriaren 20a

Umeak garenean handi izan nahi dugu. Nerabezaroan gazte. Gero, gaztaroa ahalik eta gehien luzatu, beti-gazte beterano bihurtu arte. Baina inork ez du zahar izan nahi.

Dena den, luze bizi nahi dugu, mende osoa ahal bada, baina zahartu barik. Ezinezkoa.
Zahartzaroa gorputz eta buruaren gainbehera da, baina inork ez digu irakatsi hori onartzen; are gehiago, zaharrak gutxietsita eta baztertuta dauzkagu.

Baina berandu hiltzeko, zahar izatera ailegatu behar, zainduta egon behar.

Zer egiten du, ordea, gizarte honek? Nahikoa baliabide jarri ez gure zaharrak artatzeko. Familiaren gain lagatzen du zaintza, beti etxean norbait egongo delakoan, etxeko andrea, musu-truk bere kargura.

Bestela, ia esklabotzan, pertsona bat kontratatu 24 orduan bost egun eta erdian zain dezan. Normalean, emakumea eta migratzailea. Eta egoitza publikoetan? Lekurik ez, itxaron zerrenda luzeak. Beraz, beti zuzentzen gaituzte pribatuetara: 3.000-4.000 euro hilean! Patriarkatu kapitalista hutsa.

Halere, milaka milioi gastatzen  dihardute AHT eraikitzen. Gizarte ustela geurea zaharrak alboratu eta porlana hobesten duena.