Amonatxo horren telesaila?”, “Ez, ez zen amonatxo bat, detektibea zen”, “Ados, amonatxo detektibea”. Ez zen amona, Jessica Fletcher hirurogei bat urteko emakume alarguna zen, telesailean barrena hainbat maitale sumatzen zaizkiona: ez zen ama, eta, beraz, amona ere ez. Elkarrizketa hori, edo antzekoak maiz izan nituen, berriro Murder, she wrote ikusten ari nintzela esaten nuenetan: hiruzpalau aldiz ikusi nuen telesaila osorik, ingelesa ikasteko nire materiala izango zela erabaki bainuen. Eta pertsonaia bat amatasunetik, eta zer esanik ez, amonatasunetik defendatu behar izateak, harekiko lotura estutzen du. Eta duela egun gutxi zendu da Angela Lansbury, nire pantaila hainbestetan bete duen aktorea.
Kuxkuxean hasi, eta ikusi ditut, nola ez, ditxosozko deklarazioak. Mee too-aren testuinguruan esan zuen emakumeena zela sexu jazarpenaren erruaren zati bat: erakargarriegi egon nahi izan dugu, desbideratu egin gara, eta leku txarrera eraman gaitu horrek. Duela gutxiko polemika bat etorri zait gogora, ez Madrilgo Elias Ahujako ikasle gizonen oihu matxisten ondorioz sortutakoa, irainak jaso zituzten ikasle emakumeek erasoa justifikatu izanak eragindakoa baizik.
Nola da posible biktimek biktima zigortzea, edo erasotzailea defendatzea? Eta erraz lerratzen gara hortik, geure buruei egiten diegun hurrengo erasora. “Emakumeak gara emakumeekin gogorrenak”, “emakumeak gara emakumeon etsai nagusiak”. Ez, emakumeoi kosta egiten zaigu biktima noiz garen jakitea ere. Ez da emakumeok haurrak izateko dugun mania Fletcher amonatxotzat (eta Columbo aitonatzat ez) hartzearen erruduna. Ezta hori hala dela dioen emakumea ere. Matxismoa da: erraza esaten, zaila hautematen. Madrilgo ikasleak garaiz daude oraindik susmatzen hasteko, Angela ez. Baina nik, gehiago ezin dudanetan, jarraituko dut jartzen Bea Arthurrekin batera sari banaketa batean Bosom Buddies interpretatuz eman ziguten ikuskizuna etxetik dantzan ateratzeko. Bi emakume ezin erakargarriago.