Diseinatzaile gisa, Letitare marka sortu zuen Irati Guarretxena Sandamianek diseinu ikasketak egin orduko. Ordura arte bezala, bizitzaren erritmoak bultzaturik eman zuen horretarako urratsa. Modaren zikloek eta azkartasunak gogaiturik, kontziente zen ez zela gustura ari. Konfinamenduari asko zor diola aitortu digu: bere buruari tatuatzaile izateko aukera eskaini zion, eta utopia zena praktikara eraman zuen.
Moda diseinatzaile izatetik, tatuatzaile izatera egin duzu jauzi.
Konfinamenduan, txerri eta laranja azalak tatuatzen hasi nintzen. Ilustrazioaren beste teknika bat probatzen hasi nintzen. Banuen makina etxean, baina ez nion sekula denborarik eskaini. Beldurra edo errespetua ematen zidan. Probatzen ari nintzela, konturatu nintzen atsegin nuela eta, ordura arte murgilduta nengoen modaren munduak ez bezala, honek iraunkortasuna duela. Berehala sentitu nuen lotura handia. Plazera. Eta txikitan marrazten bezala, neure irudimen, gorputz eta gogoa elkar loturik sentitzen nituela. Moda munduan nenbilen ordura arte, ez oso gustura bertan nagusitzen den lan erritmoarekin. Lana banuen, ordea.
Lagun batek tatuaje bat egiteko eskatu zidan eta ohartu nintzen geroz eta gehiago zirela eskatzen hasten zirenak eta, orduan, erreala izan zitekeela pentsatu nuen. Letitare nire markari buelta bat eman nion, eta eskari bidezko lanak egiteari ekin nion, urtero bi bilduma sortu ordez. Hala eman nituen lehen urratsak.
Konfinamenduak barruko nahia egi bilakatzen lagundu zizun?
Baietz esango nuke. Marrazketa baztertzen bizi izan nintzela konturatu nintzen, garrantzitsua ez balitz bezala, marraztearekin ogibiderik sortu eta garatu ezingo banu bezala. Txiki txikitatik marraztu izan dut nik. Amonaren etxean helduak mahai ondorenean hitz eta pitz ari ziren bitartean, lurrean gogoratzen dut neure burua. Arkatza eskuan eta paper zuri bat aurrean. Orduak pasatzen nituen horrela.
Mundua gelditu izanak zinez nik nahi dudana egiteko ausardia batzeko indarra eman zidan. Eta lehen esperimentua neure buruarekin egin nuen; oso autodidakta da mundu hau eta ez nuen hanka sartu nahi. Berehala ohartu nintzen nire lekuan nengoela.
Haria eta orratza maite ditut eta segitzen dut, baina tinta eta orratzarena beste zerbait da. Oso zaila zait azaltzen, konexio berezi bat lortzen dut. Izurik gabe jarduten dut, neure buruaz oso seguru eta eskaturikoa betetzeko zailtasunik gabe.
Zein da zure estiloa?
Arkatzarekin ere trazo zalea naiz, oso lineala izan naiz beti. Paper zuri batekin eta kolore askorik gabe marraztu izan dut beti, eta tatuajeekin ere bide beretik garatu naizela ohartu naiz. Gaur egun oso eskuragarria da tatuatzea eta jendeak niri behintzat tatuaje sotilak eskatzen dizkit. Estilo tradizionaletik, ohikotik, aldentzen diren diseinuak eskatzen dizkit.
Estetika bere zentzu onenean sartuz, ongi elkartu daitezke estetika, esan nahia, sinbologia… Jendeak bozetoak eta argazkiak ekartzen ditu eta marraztekoa elkarrekin osatzen saiatzen naiz. Zerbait oso pertsonala egitea lortu arte. Norberak egiten duena benetan identitarioa izateko. Berea, pertsonala eta bakarra. Ez dakit zergatik, baina emakume asko etortzen zaizkit, eta ohartzen naiz errotik ateratzen direla eskakizunak. Jendeak ez du edozer tatuatzen.
Tatuatzaileak sortzaile zarete?
Bezeroarekin elkarlanean aritzea gustatzen zait. Elkarrekin sortzea tatuatuko duen hori. Askotan ideiak ez ditu oso garbi izaten gugana jotzen duenak. Nahi duena badaki, baina hori nola irudikatu ez, ordea, eta hori izaten da gure lana. Beraz, konfiantza ematen didatenean beraiek nahi duten hori sortzeko, oso pozik jartzen naiz. Horrek betetzen nau, inplikatuta sentitzea gustatzen zait. Oso momentu intimoak sortzen dira, gertutasun berezi bat. Azken batean betirako den zerbait sortzen ari zara eta emaitzarekin pozik gelditzea ezinbestekoa da. Tatuaje bakarra duen pertsonarik ez dut ezagutzen. Bat egin eta beste bat nahi izaten dugu berehala. Sarri gertatzen zait hori, amaitu eta egun gutxira itzultzea bezeroa beste bat egiteko hitzordua hartzera.
Estetikari garrantzia ematen diozula esan duzu, badago mugarik?
Mugak apurtu daitezkeela esango nuke, estetikatik haratago. Hatzetan tinta zabaltzen dela esaten dute, adibidez, baina halako egoeretatik at, tatuajeak pisu sinboliko handia duenean, esate baterako, aske sentitzea atsegin dut. Gorputzak hitz egiten du. Azal guztiak ezberdinak dira, tintak ezberdin eragiten du azal batean ala bestean. Estetika sortzen da diseinuarekin eta gorputzarekin jolasten hasten zarenean. Esan nahia argiki zehazturik, saia gaitezen pertsonarentzat erosoa eta polita den zerbait sortzen. Gorputzaren tolesak, kurbak… horrekin aritzea atsegin dut.
Aitortu al diozu zeure buruari diseinatzaile eta tatuatzailea zarela? Artista, sortzaile, azken batean.
Artista naizela aitortzea kosta egiten zait. Ez dut neure burua artistatzat jotzen. Artea beharrak betetzen dituen ofizio baten emaitza baino zerbait gehiago izan behar dela iruditzen zait. Gaur egun kontsumitzen dugun moda artetik asko urruntzen dela esango nuke. Tatuajeen munduan, aldiz, sorkuntza prozesuan sartzen naizenean, orduan bai. Nire pasioa da.
Etorkizun “oparoago” bat izango zuelakoan, Arte Ederrak ikasteari uko egin eta Bartzelonara joan zen diseinua ikastera. Gustura joan zen, argi zuen, ordea, ikasketak amaitu eta etxera itzuliko zela, Euskal Herrira. Lanera. Amonaren etxean ditu marrazketarekin lehen oroitzapenak. Lurrean etzanda, arkatza eskuan. Eta oso present du bere baitan sortzen zen sentsazioa, gaur egun berdina baita: barne bakea. Burua zuri, eskua aske eta sormena pil-pilean. Emarian. Arkatza hariaren orratz bilakatu zen geroago, eta orain urte gutxi, tintadun orratza erabiltzen du, tatuatzaile lanetan.