Aarhuseko (Danimarka) unibertsitateko ikerlariek uste dute bikingoek erromatar mosaikoetako teselak inportatzen zituztela birziklatzeko.
Goi Erdi Aroan, Europa iparraldean, beira lehengai geroz eta urriagoa zen eta beiragile bikingoek prozesu garesti eta nekeza egin behar zuten bitxietarako eta luxuzko produktuetarako beirazko aleak lortzeko. Edo hori uste zuten arkeologoek orain arte.
Aarhuseko (Danimarka) unibertsitateko ikerlariek ale horien konposizio kimikoa aztertu dute, eta ondorioztatu dute beira birziklatu egiten zutela. Zehazki, erromatar mosaikoetako teselak inportatzen zituzten. Nahikoa zen teselak birrindu eta tenperatura baxuan urtzea beste erabilera bat emateko, Antzinaroko ondarea Erdi Aroko ondare bihurtzeko.