Pablo Iglesiasek, Inna Afinogenovak eta beste batzuek aski argi esan dute estatubatuarrak –edo haien aliatuaren bat– direla Nord Stream gasbidearen suntsiketaren arduradunak. Afinogenovak bi argudio nagusi ematen ditu “erruduna Errusia dela defenditzen duten analisten” aurka: lehena, Errusiak segitu nahi badu Europari txantajea egiten gasarekin, gasbidea martxa onean behar duela, txorrota irekitzen eta ixten segitu ahal izateko. Bigarrena, Errusia Ukraniako gerran gero eta okerragoa badabil gaitasun militarraren faltaz, nola eduki lezake gaitasunik halako operazio bat egiteko NATOk erabat kontrolatzen duen Baltiko itsasoan?
Nik, apal-apal, hirugarren argudio bat gehituko nuke: gasbidea suntsitzeari buruz gure eskuetara iritsi ohi den prentsak –euskal prentsak ere barne– hartu duen jarrera: gasbidea suntsitzeari buruz, berri laburrak, analisirik apenas, egiletzari buruzko zalantzak… eta, aldiz, Errusiak anexionatu dituen lurraldeen arazoa fokupera ekartzea –berri luzeak, analisi aberatsak, baieztapen biribilak–.
Desastre ekologiko bat; non ez gaituzten konbentzitzen gerra ekologikoa dela edo izan daitekeela, nuklearra berdea dela konbentzitu nahi gaituzten moduan
Iglesiasek, bere aldetik, CIAko aholkularia izan zen Jim Rickards delako batek Twiterren idatzitakoa aipatzen zuen: “Ez dakit nork suntsitu dituen gasbideak, baina badakit misterio baten erantzuna aurkitzeko motibazioak bilatu behar direla. Errusiak ez dauka bakar bat ere, gasaren jarioa nahi duenean mozten ahal duelako. AEBk asko dauzka: Putini errua botatzea, gerra areagotzea, Europar Batasuna AEBen mendeko bihurtzea…”.
Diotenez, gasbidetik isuriko den gasak ez du itsasoa kutsatuko –gasa ur sakonetik ur azalera igo eta handik atmosferara igaroko delako– baina atmosferan eragingo duen efektua, aldiz, 7,5 milioi tona CO2 isurtzea bezalakoa izango da. Alderaketa hau egiten dute: Espainiako estatuan urtebetez zirkulatzen duten ibilgailu guztiek isurtzen duten CO2 guztia da hori. Desastre ekologiko bat; non ez gaituzten konbentzitzen gerra ekologikoa dela edo izan daitekeela, nuklearra berdea dela konbentzitu nahi gaituzten moduan.
Etsita nago ez naizela sekula ezer ulertzera iritsiko, eta gerraren lehen biktima egia dela; badakit albiste mota hauetan ez dagoela inorekin fio izaterik. Urteek mesfidatia izatera eraman naute, eta bertsio ofiziala ez dut ia inoiz sinesten. Horretaraino, ezer berririk ez. Niretzat berria dena da bertsio ofiziala ezbaian jartzen duen bertsio alternatibo eta sinesgarriak aurkitzeko, eta kontraste horretatik interpretazio “propio” bat lantzeko dauden zailtasunak. Beti dago engainatua izateko arriskua, baina hori bezain kaltegarria da ofizialismoaren ahotsari kasu egitea, horrek ergelkeriaren atarian uzten baitzaitu.
Kazetaritza ere gerran dago. Gerran segitzen du.