Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Elikadura Campusak urrutitik iritsitako elikagaiak eta bertako banaketa sareak izango ditu oinarri.
Parke teknologiko berria Ortuellan kokatuko da, 50 hektarea hartuko ditu eta gaur egun Basaurin dagoen MerkaBilbao elikagai freskoen banaketa plataforma izango du guneko bihotz. Honez gainera robotika, ikerkuntza, berrikuntza eta formakuntza elikagaien sektorean bultzatzeko beste hainbat azpiegitura izango ditu.
Proiektuak 2.000 lanpostu sortuko dituela iragarri dute eta horrela ez ezker ez eskuin, ez da inolako kritika sakonik zabaldu.
Harrigarriki ordea Euskal Herriko elikaduraren gune nagusia izango den proiektuan ez dago nekazarien ahotsa zuzenki jasoko duen ordezkaritzarik, eta ba ote da lurrik gabeko elikadurarik?
Egitasmo honek gaurko eredua trinkotu, handitu eta egokitu egiten du baina ez die erantzuten egungo beste erronka globalei.
Euskal Herriko elikaduraren gune nagusia izango den proiektuan ez dago nekazarien ahotsa zuzenki jasoko duen ordezkaritzarik,
eta ba ote da lurrik gabeko elikadurarik?
Proiektuaren erregai fosilekiko menpekotasuna erabatekoa da. Elikagaiak kanpotik ekartzeko autobideko sarbide zuzena, portua eta trenbidearekin loturak eta Bizkaian banaketa egiteko urteko 600.000 autoren mugimendu aurreikuspenarekin.
Bertan kalitate eta osasun kontroleko laborategiak izango badira ere, badakigu urrutitik elikagai freskoak ekartzeak produktuak heltze puntua baina arinago jasotzea dakarrela, ekoizpen kimikoen gaineko kontrol zuzenik eza eta nekazal langileen baldintzen ezezagutza.
Gainera oinarrizko elikagaien garestitzearen aurrean, egitasmoak ez du prezioen gaineko kontrola berreskuratzeko bertako produkzioa handitu eta hurbileko salmenta kateak zabaltzea bilatzen.
Bilbo inguruan ia ez dago baserritarrik eta elikagaien banaketa merkatal zentroen eskuetan dago. Interesgarria litzateke jakitea zein den berton jaten den elikagai prozesatu, industrial eta kimikoen porzentaia, horrek duen kostea eta osasunaren gaineko eragina.
Bilbotik gertu Enkarterria da nekazal lur gehien duen eskualdea. Ona litzateke hirikoentzat elikagaiak sortu, eraldatu, komertzializatu eta sektore arteko elkarlana garatuz lana sortzeko aukerak aztertzea. Ortuellako 50 hektarea horietan, posible litzateke kimikarik gabe barazkiak sortu eta eraldatzea, eskualdeko ikastetxe eta zaharretxetako jantokitara bideratzeko?
Zenbat lanpostu sortuko lituzkete halako ekimenek? Zenbateko etekina ekarri eta noren eskuetan banatu? Horrelako ideia esperientzien batuketa litzateke niretzat Euskal Herriko elikadura campusa, jendea eta planetaren zerbitzura denoi bizi kalitate hobea ekarriko ligukeena.