argia.eus
INPRIMATU
Bisitaria
Amancay GaztaƱaga @lagatadepandora 2022ko urriaren 05a
Paula Estevez

Kaka zaharra, euria. Ze laburrak diren udak Euskadin, fuck… Mina Harkerrek, nagiak emeki kendu ditu, luzaketa profesional bat egin eta gaueroko erronda egiteko prestatu da. Bost etxe, gau bat, ez da lan makala.

Familikoek, Mina jarri zioten; Bram Stokerren Dracula eleberriko protagonista bezala. Minari hasieran ez zitzaion batere gustatzen izen hura, Mina Harker. Euskadin barregarria zela izen ingeles bat izatea eta ea nork irakurri ote zuen liburu hura hemen: hura edo beste edozein, inork ez du libururik irakurtzen iada, errepikatzen zion bere buruari. Orain ordea, bere lookarekin bat datorrela iruditzen zaio; begi urdin ederrak, eta esfinge batenarekin alderatu daitekeen mutur zorrotza. Argala da Mina, goseak ere laguntzen du horretan, noski.

Salto arin batekin martxan jarri da. Egurrezko ateari bultza: Hau ere konpondu beharko dute, egunen batean ezin izango dut barrura sartu.

Mina oso metodikoa da, egunero ordu berean agertzea ezinbestekoa da bere errondan arrakasta izan nahi badu. Peiorenean hasten da, beti.

Peio: 45 urte. Bakarrik bizi da. Apolitikotzat du bere burua: inork ez omen du bera errepresentatzen. Juergak ditu gustuko. Zineman ikusi zuen azken filma: Jurassic Park. Ez dakit zergatik eman behar zaion horrenbeste diru kulturari, da bere esaldirik txalotuena afari baten bueltan. Ez du libururik irakurtzen.

Bere jardinean belarra ongi moztuta izaten du Peiok beti. Mina, beirazko atearen aurrean jarri eta suabe kolpatu du hau. Peio sukaldatzen ari da. Hori ongi egiten du. Sutondotik gorputza biratu eta keinu bat egin dio Minari: Itxaron prexioxa, oraintxe emango dizut zurea.

Sukaldeko atea ireki du. Mina etxe barrura sartu da. Peiorekin gauero da gauza bera, igurtzi asko eta gutixi bat edo beste. Gaur, ordainetan, urdaiazpiko zati bat erori da.

Bigarren etxea konplikatuagoa da. Gaurko eguraldiarekin paso egin beharko zenuke Mina. Ez du paso egiten.
Lander, Jon, Mikel, Kepa eta Aizea (h gabe): 27 urte. Unibertsitatean ezagutu ziren. Kanpoan master batzuk egin ondoren berriz elkartu dira iraultzarako prest. Guztien artean ordaintzen dute alokairua.

Minak, egurrezko harresira salto egin eta garaje gaineko leihotik sartu da etxe barrura. Badaki zer den tokatzen dena: “chachara” asko eta ordainsari gutxi. Aizeak (h gabe) ondoan eseritzeko keinua egin dio. Landerrek igurtzi batez agurtu du pasaran, Joni petaren txusta kendu dion bitartean. Mikel eta Kepa gizon batek esandakoari buruzko zerbait eztabaidatzen dabiltza.

Fuck off! Banekien, gaur paso egin behar nuela. Twitter, kexa, zigarro, zerbeza eta garrantzi handiko hausnarketen artean pasa ditu bost ordu, baino ez dute patata miserable bat jatera ere gonbidatu.

Minaren tripak kexu dira. Hirugarren etxea begiztatu du. Azkarra izango da.

Lorea eta Kirmen: 30 eta 36, furgoneta camperizatu baten jabe dira. Ez dute hondakinen sailkapenik egiten.
Minak muturrarekin plastikoen edukiontzia ireki du. Bingo! Lasaña oso bat niretzat, oraindik epel dago…

Learen usain goxoak gidatu du bosgarren etxeraino. Haurraren gelako argia piztuta dago. Munstroek ez dute argia maite eta Leak ez ditu munstroak maite. Ninja baten moduan teilatura egin du salto Minak eta handik gelara. Lea zain dago, beso txikiak zabalik. Mina bere altzoan uzkurtu da.

Marenek, Learen gelako atea ireki du poliki. Katua eta haurra lo ikusteak bakea ematen dio. Gauero furtiboki etxean sartzen den katu horri geratzeko eskatuko lioke gustora, baina Mina Harkerrek bere askatasuna du maite, guztiaren gainetik.