Oker ez banago hau da Haritz Larragetaren lehen liburua, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratua, eta haurrei zuzendua.
Idazlea hasieratik zuzentzen zaio irakurleari, “Anna Kopek ezagutzen duzue?” galderarekin, eta horrela ekiten dio berehala Jokin eta Uxue neba-arreben istorioa kontatzeari. Ama kazetaria dute eta munduko futbol txapelketaren berri eman behar du Moskutik. Hori dela-eta, hirurak joango dira Errusiako hiriburura zenbait aste pasatzera.
Liburuan, estilo errazean eta narratzaile orojakileak irakurleari informazio asko emanez, bi gazteen abentura kontatzen zaigu; hoteleko giroa, hizkuntzarekin dituzten zailtasunak, nola ateratzen diren beraiek bakarrik hoteletik kanpo buelta bat ematera, emakume bitxi batekin izaniko enkontrua eta horren ondorioz izango duten egun bateko abenturazko zurrunbiloa. Matrioxka errusiar panpina bitxi biren istorioa eta horiek elkartzean denbora gelditzeko duten ahalmena dugu abenturaren muina; matrioxkak eskuratu eta boterea eskuratu nahi dutenen aurrean panpinak bereizi eta gordetzea defendatzen duen emakume talde batekin egiten dute bat bi neska-mutilek, eta arriskuak, abenturak, une larri eta atseginak igaroko dituzte inoiz ahaztuko ez dituzten egunetan.
Erraz irakurtzen den liburua dela esan dugu, irakurleak hasi eta irakurtzen jarraitu nahi duen liburua; baina, egia da ere, errealista izan nahi duen egoera batean sinesteko zailak diren gertakariak planteatzen direla. Kontakizunak oso tonu sinplea du eta idazkera literario aldetik hainbat hutsune ere baditu. Esaterako, badirudi Jokin eta Uxue direla narratzaileak –beraiek sorturiko blog batean, amaieran iradokitzen den bezala–, baina narratzailea beste bat da, orojakilea.
Alde horretatik, gustura irakur daitekeen liburu baten aurrean gaudela esan dezakegun arren aitortu behar da literarioki gehiago landu beharrekoa dela, eta hori esaten dut apustu handia egin delako liburuaren edizioan –ilustrazioen aldetik, koloretan eta oso adierazkorrak, Marko-Maëlaren eskutik eta azal gogorreko edizioa eginez–, eta badirudielako hauxe dugula Anna Kopek misteriotsuaren istorioak jasoko dituen bilduma bateko lehen alea.