Etsipenez, beste behin ere, utzi diot gaiaz informazioa irakurtzeari. Bataila galdu (zein irabazi) batetik bueltan datorren astoa bezala noa nire kortara. Ni galtzaileen bandokoa: Euskal Eskola Publikokoa. Baina irabazleen bandoko astoak irabazi al du? Nago denok galdu dugula.
Izan ere, nire ustez, ospatzeko moduko garaipen bakarra izango litzateke bateko eta besteko astoek bat egiteko moduko “banda” bat osatu, eta segregazioa, ez euskalduntzea eta erlijioaren kontra joko bagenu. Eta, ondorioz, erkidegoko ume gehienak eskola euskaldun, anitz, laiko, hezkidetzaile, inklusibo eta publiko batean matrikulatuko balira etorkizunean.
Ez da gertatuko.
Denek ez dugu eskola eredu bera nahi, ados. Batzuek kristau eskola, era honetako edo hartako eskola bat, edo ikastolen elkartea nahiago dute, ados. Baina publikoa kaltetuta irten da berriz (EAEn ume gehien hezitzen eta euskalduntzen dituen eskola).
(Barka, ez noa sartzera “espainiar publikoa” ez dela “euskal publikoa” eta halakoetan –ikastolak ere espainiar sistema horrexen parte dira, EAE espainiar autonomia bat den gisa berean–). (Besterik gabe, Gabriel Aresti frankismo garaian(!) zegoen ikastolako kuoten kontra, eta neu 2022an ere bai).
Euskara ofiziala ez den lekuetan ikastolak egon daitezen, dirua eta lan militantea? Ados. Ikastolen ondarea (historia, pedagogia, kurrikuluma…) edozein eskolak baliatu? Ados.
Gure bandokoei: ez nago ikastolen kontra, eta ez zait gustatzen euskal eskola publikoaren “defentsan” ikastolak iraintzea.
Ikastolei: euskaldunak, eskandinaviar blondak, korearrak eta swuahili beltzek bakoitzak bere kortara joaten segituko dute.
Beharbada, Euskal Herria estatua izan baino lehen bihurtu beharko dugu ikurrina sukaldeko trapu.