Europara heldu nahian pertsonak hiltzea ezin dela onartu salatzeko, eta behin gurera iritsita, europar herritarron eskubide berberak izan ditzaten exijitzeko, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka lan egiten duten elkarteetako militanteak bilduko dira Bruselan irailaren 30ean eta urriaren 1ean.
2016an abiatu zen lehenengo Mugak Zabalduz karabana, orduan Greziara joan ziren hirurehun pertsona –ehun baino gehiago Hego Euskal Herrikoak–. Urtez urte, muga ezberdinetara salaketa eramateaz gainera, Europan ari diren beste erakunde batzuekin amarauna ehuntzen joan da. Horren emaitza da Bruselan antolatu den topaketa, non tokian toki solidarioek egiten dituzten ekintzak ezagutzeaz gainera, Europa harrera herria izan dadin beste politikak exijituko diren. Ukraniako errefuxiatuekiko politikak agerian uzten du nahi bada posible dela.
Auzia, ordea, ez da soilik mugak zabaltzea. Behin Europan, pertsona migratzaile askok urteak ematen dituzte haien egoera administratiboa erregularizatu nahian. Paperik ez izateak oso egoera zaurgarrian uzten ditu, esplotatuak izateko arrisku larrian, oinarrizko eskubiderik gabe, bigarren mailako herritar bihurtuta.
Baina, gero eta gehiago gara “gure izenean ez” oihukatzen dugun Europako herritarrok, eskuinak duen xenofobia eta gorrotaren mezuaren gainetik harrera herria garela aldarrikatzen dugunok, baita Euskal Herritik ere.