argia.eus
INPRIMATU
Buru-belarri, burugogor!
IƱigo Basaguren-Duarte @inigob_d 2022ko irailaren 30
Argazkia: Mikel Pejenaute

Bilatzeak, etengabe bide baten bila abiatzeak, nahi zein espero ez duguna aurkitzea dakar. Artista bat bilaketa gose hori elikatu beharrean dago bere espiritua bizirik mantendu nahi badu. Burugogorkeria handia ere beharko du bere ibilerak. Bide berriak bilatu, azalberritu eta bere pertzepzioa zabaldu, hori da artista bat bizirik dagoenaren sintoma. Konformismotik aldentzea, formula ez errepikatzea, azken finean. Gose eta sorkuntza grina izan behar dira bere jardunaren motorrak. Lelo eta ideia honen inguruan osatu du Mikel Ruiz Pejenautek Buru-belarri, buru eta bihotz. Burugogor! erakusketa Eremuak programaren barruan eta Zallako kultur etxean dago ikusgai.

'Harriak' erakusketa
NOIZ: Irailak 16 - Urriak 16
NON:  Zallako kultur etxea

Lekua ez da aproposena, egia esan, baina Mikelek burugogorkeriaz lan egin du oztopo fisikoak gainditu eta lau artisten lanarekin erakusketa aurrera ateratzeko. Haietako bat Adrian Romero bilbotarra da. Ofizioz diseinatzaile grafikoa den gazte honek digitalarekin jolastea du gustuko, irudi eta formekin imajinario berri bat sortzeko. Normaltasun berriko garai ezkor hauetan Adrian beste errealitate bat imajinatzen saiatu da, iragana pusketan apurtu ondoren geratu diren errealitate apurrekin mundu berri bat irudikatzeko. Gure zibilizazioak azken 2.000 urteetan gurutze batek markatu duen bidea jarraitu badu, Adrianek elementu berriak proposatzen ditu, sinbolismoz kargatutakoak, gure etorkizun hurbila sor dezagun. Erakutsi dituen obra guztien artean hiru dimentsiotako teklatu batek ematen du arreta: esku baten itxurakoa da eta ezezagunak zaizkigun ikurrez jositako teklekin osatuta dago. Geroa marrazteko formula zaharrak ahaztu behar direla eta tekla berriak sakatu beharra dagoela esan nahi digula dirudi. Proposatzen duen iruditegi berriak jendearengan jakin-mina piztu duela esan genezake, han baitzeuden hiru lagun lurrean jarritako pantaila zahar baten inguruan etorkizunekoak ziren egitura eta irudiekin liluratuta, soilik sute batek sor dezakeen hipnosi egoeran.

Erakusketan parte hartu duen beste artista bat Matxalen Oñate plentziarra da. Tradiziotik habiatzen diren baina bide berriak urratzen dituzten hainbat eskultura aukeratu ditu erakusketarako. Formek zein apaindurek garrantzia handia dute harrian landutako pieza hauetan. Indarra darie, baita sentsualitatea ere. Eider Garcia Letek magia ukitu bat eman dio erakusketari, bere oihalarekin espazioa jantziz eta beste dimentsio batera eramanez. Norbaitek naifegia dela pentsa balezake ere magia puntu bat erantsi dio aretoari. Azkenik, Gorka Lazpiurren obrak argi utzi du huts egindako lanek bide berriak aurkitzeko abiapuntuak izan daitezkeela, buru-belarri arituz, burugogorkeria puntu batekin.